Aurrenekoa bete du Zumaiako Emakumeon Etxeak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urriaren 1a

Berrogei emakume inguru elkartu ziren atzo iluntzean emakumeen egoitzaren lehenbiziko urteurrena ospatzeko. Etorkizunean etxe hori zer eta zertarako izatea nahi duten hausnartu zuten, eta ekitaldia bertsoekin, musikarekin eta mokadutxoekin goxatu zuten.

Bete du aurreneko urtea Emakumeon Etxeak. 365 egunetan makina bat solasaldi, ekintza eta borroka antolatu dituzte lau horma horien artean, baita beren aldarriak eta egitasmoak kalera atera ere.

Urteurrena behar den bezala ospatzeko, juntadizoa egin zuten atzo iluntzean egoitzan bertan 40 emakume inguruk. Aurrena, borobil handi batean jarri, eta bakoitzak azaldu zuen berarentzat zer den Emakumeon Etxea; etorkizunera begira ere jarri ziren, hausnartuz aurrera begira zer nahi den izatea Emakumeon Etxea.

Ondoren, musikaren tartea etorri zen: Maddi Gallastegik bertso bat eskaini zien han bildutakoei, eta Oihana Rodriguezek eta Idoia Zabalak, berriz, musika emanaldia eskaini zuten, aurrenekoak pianoa joz eta bigarrenak saxofoia.

Ekitaldia amaitzeko mokadutxoa hartu zuten denek elkarrekin.

Argazkiak: Maria Maya Manterola eta Emakumeon Etxea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide