Atzo 19:00etan mendizale eta irakurzaleek hitzordu ederra zuten Aita Mari aretoan, lau mendizale aski ezagunek beren liburuak aurkeztu zituztelako: Joxe Mari Azpiazuk Sebastian Alvarorekin batera ondu duen La vida en el limite de la vida; Sebastian Alvarok berak Everest 1924; Juanjo San Sebastianek Cuanto es mucho tiempo; eta Juanito Oiarzabalek El placer de alcanzar la cumbre.
Nork bere aurkezpena egin zuen, bakoitzak oso modu desberdinean, eta amaiera aldera lagungiroan aritu ziren, batez ere mikrofonoa Alvarok hartu zuenean, eta ondoren, entzuleei galderak egiteko eta iritziak emateko tartea ireki zutenean.
San Sebastian izan zen aurkezpena egiten aurrena, eta horrek liburuen gorazarre egin zuen, gero bere kideek ere egingo zuten bezala. "Guretzat, benetako espedizioak ez ziren aireportuan hasten, liburuetan baizik". Internetik ez zen garaietan, "liburuetan aurkitu genituen amets eta helburu berriak, baita gure heroiak deskubritu ere". San Sebastianek gaineratu zuen espedizioa ez zela etxeratzea amaitzen, hori besteei kontatzean edo horri buruz idaztean baizik, "orduan jabetzen eta hausnartzen zenuelako benetan ikasitako guztia".
Joxe Mari Azpiazuk hartu zuen hitza ondoren. Alvarorekin batera idatzitako trilogiaz aritu zen, eta bereziki, azken lanaz. Hainbat pasarte irakurri zizkien bertaratutako entzuleei, eta beldurraz, solidaritateaz, emozioez, bakardadeaz... egin zituen aipuak. Bere ustez, mendia bizitzarako eta egunerokotasunerako irakasgai aparta da.
Liburuan hainbat mendizale ezagunen esperientziak eta hausnarketak jaso ditu, baita berenak eta inguruko mendizaleenak ere. "Testigantza laburrak dira, eta literatura ere badauka", esan zuen.
Juanito Oiarzabalen hitzartzea desberdina izan zen. Buruz, urtez urte egin dituen espedizioen laburpena eskaini zuen, bere azken liburua ere horri buruzkoa dela nabarmenduta. "Zazpi liburu ditut, eta guztietan nire bizitzaz hitz egiten dut". Txikitan aitarekin hasitako afiziotik, Pirinioetara eta gero Alpeetara egindako urratsez, eta handik, 8.000 metroko mendietara. Esan zuen beretzat Alpeak izan direla ikasteko toki onena, momentu zailei aurre egiten ikasteko tokia.
Bidean galdutako lagunez aritu zen, egindako gailurrez eta gailurrik egin gabe pasatako urteez... Aurkezpenaren une batean, aitortu zuen inoiz ez dela errepikatu aurreneko 8.000koa egindakoan izan zuen sentsazioa.
Mahaian elkartutako guztiak aritu ziren lehengo garaiez, mendiak oxigenorik eta beste hainbat aurrerapen gabe egiten ziren urteez, eta balioan jarri zuten mendia igotzeko modu hori.
Sebastian Alvaro izan zen hitz egiten azkena, eta umorez betetako hitzartzea egin zuen. "Hauek ez didate denborarik utzi, eta ez dut hitz egingo nire liburuaz; ondo ari da saltzen, gainera", esan zuen.
Liburuek mendian betidanik izan duten garrantzia azpimarratu zuen Alvarok, eta esan zuen Al filo de lo imposible programaren atzean –TVEko saioa mendigoizale eta espedizio handiez– irakurketa ordu asko zeudela.
Kirola baino gehiago dena, kirolera mugatzen?
Galderen tartean, abiadurazko alpinismoa zer iruditzen zaien galdetu zuen entzule batek; Kilian Jornet kirolariak egindakoa aipatu zuen –Everestera korrika igotzea denbora tarte oso laburrean–.
San Sebastian izan zen erantzuten aurrenekoa, eta iritzi zion mendian ez daukala zentzurik erlojua jartzeak. "Kirola baino gehiago den zerbait kirolera mugatzea ez zait gustatzen", esan zuen.
Ildo beretik mintzatu ziren besteak ere. Alvarok esan zuen berak baloratzen duena dela exposizio maila, konpromisoa eta zailtasuna.
Oiarzabalen iritziz, orain moda da zailtasun maila jaistea, baina horrekin batera, abentura ere gutxitu egiten dela ohartarazi zuen.
Agentziak mendi altuetan egiten ari direna ere kritikatu zuten, esaterako, K2n dagoen zaborra. Oiarzabalek esan zuen zaila zela hori aldatzea, jendeak eskubidea duelako nahi duen bezala igotzeko mendia.
Alvarok kontra egin zion, berriz, esanez gauza asko erregulatuta dituztela mendi horietan, eta zaborrarena eta beste gauza batzuk ere kontrolatzeko modukoak direla.
"Orokorrean lasaitu beharra daukagu, bai gizarteak, bai mendi horiek bat-batean egin nahi dituzten gazteek. 6.000 eta 7.000 metroko mendi birjinak badaude abentura zain".