Flysch Trail 2022

Robert Loic eta Lucy Wambui nagusi, XIII. Flysch Trail lasterketan

Mireia Galarza Bastida 2022ko urr. 2a, 13:52

Gizonezkoetan Raul Criado sailkatu da bigarren, eta Hassan Ait hirugarren. Emakumezkoetan, aldiz, Oihana Kortazar izan da bigarrena, eta Camilla Mogliano hirugarrena. Bere aldetik, Iban Iriondo eta Nerea Urteaga izan dira lehen zumaiarrak helmugaratzen.

Iaz baino askoz ere eguraldi hobearekin, 611 korrikalarik ekin diote gaurkoan XIII. Flysch Trail lasterketari. Goizeko 10:00etan atera dira korrikalariak Beheko Plazatik, eta aurreko urtean ez bezala, gaurkoan maratoi erdia bakarrik izan da Zumaian, 22 kilometrokoa. Gainera, aurreko urtean bezala, Munduko Koparako puntuagarria ere izan da gaurko lasterketa, urrezko kategorian

Sailkapenari dagokionez, Robert Loic frantsesa izan da lehenengoa helmugaratzen gizonezkoetan. Atzo Anbotoko Kilometro Bertikala irabazi ostean, gaurkoan ere beste garaipen bat eraman du etxera Loicek. Hain zuzen, ordubete, 28 minutu eta 41 segundu behar izan ditu helmugara iristeko. Lehenengo postuan sailkatzearekin gutxi ez, eta errekorra ere ondu du frantsesak. Txapeldunak adierazi duenez, “ilusio berezia” egin dio gaurko lasterketa irabazteak, eta gaineratu du “sasoi onean” sentitzet dela lasterketak egiten jarraitzeko.

Bigarren sailkatu da aurreko urteko txapeldun Raul Criado. Aragoiarrak atzetik jarraitu dio frantsesari lasterketa osoan, baina ezin izan du aurreratu, eta horrenbestez, bigarren postua eskuratu du gaurkoan, proba ordubete, 33 minutu eta 7 segundutan amaitu ondoren. Aurreko urteko txapeldunak azaldu duenez, “tripetatik gaizki” ibili da azken egunetan, eta horregatik, ez du lortu gaurkoan nahi izan duen lekua. “Atzera begira nengoen denbora osoan, eta nire helburua zen bigarren mantentzea”, gaineratu du.

Hirugarrena izan da Hassan Ait Chau billabonatarra. Lasterketa erdialdera arte laugarren zioan, Borja Fernandezen atzetik. Azaldu duenaren arabera, hasieran “asko kostatu” zaio erritmoa hartzea. Hala ere, azken zatian “barruan gordetan zeuzkan indarrak” atera eta “asko kostatutako” hirugarren postuan sailkatzea lortu du marokoarrak.

Emakumezkoen txapela, Kenyara

Emakumezkoen kasuan, Lucy Murigi keniarra izan da lehena helmugaratzen, ordubete, 39 minutu eta 59 segundutan. Korrikalariak azaldu duenez, “oso indartsu” sentitu da lasterketa osoan zehar,  eta “une oro” lasterketa “pila bat disfrutatu” duela adierazi du.

Bigarren sailkatu da Oihana Kortazar elgetarra. 2019an irabazi zuen azkenekoz proba, eta aurreko urtean bigarren helmugaratu zen. Aurten, berriz ere, ezin izan du lehen postuan sailkatu, baina bigarren sailkatu da, 1:43:44ko denbora eginda. Elgetakoak adierazi duenez, gaurkoan ez zeukan “erabateko konfiantza” bere buruarengan, eta horregatik, nahiago izan du erritmoa mantendu eta bigarren postuari eustea.

Podiuma osatzen hirugarrena Camilla Mogliano italiarra izan da. Kortazarren atzetik ibili da denbora osoan. Zortzigarren kilometroan, adibidez, hiru segundu atzetik ibili da Mogliano, eta hamabigarren kilometroan, aldiz, pare parean ibili dira biak. Esperientzia “zoragarritzat” jo du italiarrak, eta gaurkoan Kortazarren gainean ibili bada ere, “arerioetan ez pentsatzea nahiago” duela adierazi du, bere lanean zentratzeko.

Zumaiarrei dagokionez, Iban Iriondo izan da helmugaratzen lehena gizonezkoetan (1:42:02), eta Nerea Urteaga emakumezkoetan (2:08:15). 

Hemen ikusi daiteke sailkapena osorik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide