Lopez txapeldun izan da Hondarribiko Grand Slamean

Aritz Mutiozabal 2022ko urriaren 9a

Imanol Lopez eta Xabier Barandika Hondarribiko Grand Slameko txapeldunak. (Jai Alive)

Barandikarekin bikotea osatuta, 2-1 irabazi zuen Erkiaga-Irastorzaren aurka, norgehiagoka borrokatu bezain ikusgarri batean.

Indartsu iritsi zen atzo Imanol Lopezek eta Xabier Barandikak osatutako bikoa Hondarribiko Grand Slameko finalera, baina ez ziren etxeko lanak ongi eginda Jostaldi pilotalekura heldu ziren bakarrak izan. Aritz Erkiagak eta Eric Irastorzak ez zien gauzak batere erraz utzi, eta zumaiarrak eta gernikarrak bezain bizi lehiatu ziren txapela erdiesteko bidean. Norgehiagoka parekatua eta sendoa izan zen, eta ondorioz, hiru jokotara luzatu zen partida: azkenean, 2-1 (12-15, 15-11 eta 5-2) irabazi zuten Barandikak eta Lopezek.

Nolabait esateko, kirol ekitaldi historikoa izan zen atzokoa, Jostaldi pilotalekuak mila lagun inguru elkartu zituelako final handia ikusteko. Antolatzaileen esanetan, ez da halakorik gertutatu Hondarribian zesta puntako txapelketak antolatzen diharduten azken urteetan. Sortu zen giro bat etorri zen puntistek eskaini zuten erakustaldiarekin, gainera.

Lehen jokoan oso berdinduta joan ziren bi bikoteak, 6-6 aurrenik eta 11-12 ondoren, baina jarraian, Erkiaga-Irastorzak neurria hartu eta lehen puntua bereganatu zuten. Bigarren jokoan, berriz, txandaka puntuatzen joan ziren hasieran, baina 8-7tik aurrera Barandika suspertu egin zen eta Lopezek ere bere onena erakutsi zuen. Hala, 13-8raino iritsi ziren aurrena, eta ondoren, joko berdinketa lortu zuten 15-11koarekin.

Berdinketa hautsi eta txapelketa erabakitzeko hirugarren jokoa jokatu zuten zaletuen gozamenerako. Tantorik ederrenak eta sufrituenak orduan etorri ziren: 0-1, 3-1, 3-2 eta 5-2. Garaipena Barandika-Lopez bikotearentzat izan zen azkenean, lehia ikusgarri bezain borrokatua jokatu ondoren.

Sari banaketa ekitaldian Eric Irastorza omendu zuten; izan ere, pilotalekuak utzi eta puntista izateari utziko dio hilabete bukaeran.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide