Itsaspeko mundua ezagutzeko aukera izango da ostegunean Aita Marin

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 10a, 15:30

Sei film labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte Aita Marin 19:00etatik aurrera. Naturaren edertasuna eta gizakiak harekiko duen jarreraren krudeltasuna agerian utzi nahi dute emanaldiaren bitartez.

Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloko hamahirugarren ediziorako guztia prest da jada. Ostegunean, hilak 13, sei film labur eta dokumental bat ikusi ahal izango dira Aita Marin, itsaspeko mundura gerturatu eta leku nahiz itsas espezie ezberdinak ezagutzeko. Era barean, gizakiak itsasoarekiko duen jarrera desegoki eta krudela azaleratzea ere bada emanaldiaren asmoa. 

"Gero eta gehiagotan ematen diren gizakiaren baldarkeriak eragindako errealitate gordinaren salaketak ditugu, ekosistema osoak kaltetzen eta mintzen dituztenak eta biodibertsitatea kanporatzen edo desagerrarazten dutenak", iragarri dute zinema zikloaren antolatzaileek. Horrekin batera aipatu dute arrantzaren gehiegizko ustiapena ere. Edonola ere, "argiaren eta kolorearen ikuspegi baikor eta itxaropentsuan" jarri nahi izan dute arreta. Dualtasun hori da zinema zikloaren ezaugarri esanguratsuena, antolatzaileen hitzetan. 

Doan sartu ahal izango da Aita Marira. Eskainiko diren ikus-entzunezkoetan gaur egungo eta duela 50 urteko itsas hondoaren irudiak ikusi ahal izango dira, eta baita Mediterraneoko hondo ikusgarriak nahiz Indonesiako urak ere. 

Irudi onenen erakusketa

Emanaldiaz gain, itsaspean egindako argazki onenak ikusteko aukera izango da egunotan Alogrri Interpretazio Zentroan. Naturaren edertasuna eta gizakiak harekiko duen jarreraren krudeltasuna biltzen ditu erakusketak. Igandera arte irekiko ditu ateak, 10:00etatik 13:30era. 

Ingurumenaren egoeraz jabetu eta kontsumo osasungarri eta arduratsuko jarrerak garatzeko, eta ingurune hurbila errespetatu eta zaintzeko kudeaketan parte aktibo izan daitezen, 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzako emanaldia ere izango da. Aurrez ikastetxeetan landuko dute gaia, eta gero, itsasoaren egungo egoera eta hura babesteko argibideak jasotzen dituen film laburrak proiektatuko dituzte Aita Marin bertan ostegun goizean. Klima aldaketari buruzko hitzaldia ere eskainiko diete Aquarium Donostia, Gaea Elkartea eta Mater Museo ekoaktiboko itsas eta urpeko profesionalek.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide