Ekainean zaintzaileentzat egin bezala, oraingoan taberna eta jatetxeetako langileei zuzendutako euskara ikastaroa antolatu du udalak. Oinarrizko ulermena landu eta esaldi erabilienak ikastea da xedea, bezero euskaldunekin gertuko harremanak lantzeko.
Banaiz, bagera elkarteko Pako Aristiren eskutik, Forondan egiten dituzte saioak. Bi egin dituzte dagoeneko, baina urriaren 17, 18, 24 eta 25ean 17:00etatik 19:00etara egingo dituzten saioetan parte hartu daitekeela jakinarazi dute udaletik. Horretarako, nahikoa izango da euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera idatzi edo 943-86 50 25 (616 luzapena) telefono zenbakira deitzea.