Bi gurpilen gaineko artelanak ikus daitezke errepideetan zehar, bizkor, eder, zaratatsu, burrunba batean, haizeari aurre eginez eta motorrari ahalik eta zuku handiena ateratzen. Fabrikatik ateratako produktuarekin nahikoa ez, eta ibilgailuak pertsonalizatu ere egin nahi izaten dituzte motorzaleek, margotuz, elementuak gehituz, berezi eta bakar bihurtuz. Egokitzapen lan horietan abilezia ez duten motorzaleek mekanikoen laguntza behar izaten dute motorra bere egiteko.
Kustomizatze lan horietan aritzen da, adibidez, Toro izengoitiaz ezagunagoa den Dani Rodriguez zumaiarra. Zabalik du dagoeneko motorrak bezeroen gustura egokitzen dituen Zezen Motors garajea, Joxe Mari Korta industrialdean. Rodriguezek duela lau urte hartu zuen lokala, eta negozioa zabaldu aurretik, lagunei eta ingurukoei konponketa lan txikiak egiten aritu da.
Estazioko auzoan zuen garaje batean hasi zen Toro bi gurpildun ibilgailuak pertsonalizatzen, duela hamarkada bat. Mekanika lanak eta konponketak egiten jarraitzen du, baina pertsonalizazioak eta egokitzeak bereizten du Zezen Motors garajea gainerakoengandik. Pertsonalizatzearena, akaso, berria izango da Euskal Herrian, baina Alemanian, Herbehereetan, Ingalaterran eta Frantzian hamarkadak daramatzate ibilgailuak norbere gustura egokitzen, Rodriguezek azaldu duenez.
Scooter erakoak, kiroletakoak, klasikoak, trail-ak… Oro har, halako garajeetan motor handiak ikusten dira, baina askotariko tamaina, kolore eta eratako motorrak ikus daitezke Rodriguezenean. Garajera sartu orduko, bi aldeetan txukun lerrokatuta ditu guztiak, eta pasillo bat uzten dute erdian. Edonola ere, gainerako arloetan bezala, "joan eta etorri egiten diren modak" daude motorrenean ere.
Tororen ustez, kiroletako motor japoniarrek izan dute sona azkenaldian. Baina, modak aldatzen joaten dira: duela bospasei urte arte Harley Davidson itxurako motor baxu eta zabalak zeuden modan; orain, berriz, Cafe Racer estiloko motorrak.
"Lehengora itzultzen"
Bere garajean nagusi diren motorren jatorriaz aritu da mekanikoa: Ingalaterran dute jatorria Cafe Racer estiloko motozikletek, eta 1960ko hamarkadan egin ziren ezagun, hamarkada horren erdialdera Ingalaterrako Brighton hirian izan ziren, eta Quadrophenia filmaren bidez publiko zabalago batentzat ezagun egin ziren, moden eta rockeren arteko liskarretan, hain zuzen. Mod-ak neurrira egindako jantziak soinean zituztela eta ispiluz jositako Vespa eta Lambretta markako motorren gainean ibiltzen ziren; rocker-ek, aldiz, Triumph-ak zituzten gogoko. Herri kondairaren arabera, kafetegietatik kafetegietara abesti batek iraun bitartean egiten zituzten lasterketek eman diote izena gaur egun modan dagoen bi gurpildun ibilgailuari. "Lehengora itzultzen" ari da motor estiloen moda, retro itxura horretara, Tororen esanetan.
Bezeroak ideia batekin joaten zaizkio Torori. "Interneten argazkiak bilatzen dituzte, eta halako fokoa edo eskulekua behar dutela azaltzen didate", dio. Nolanahi ere, azaldu du aldaketa guztiak egitea zaila izaten dela: "Gauzatu daitekeenarekin, homologatu daitekeenarekin eta aldaketen kostuarekin, baztertu egin behar izaten dira aldaketa batzuk".
Dena den, pertsonalizazio eta estilo kontuak alde batera utzita, aztertzera eta konponketak egitera joaten dira bezero gehienak Zezen Motors garajera. Eta Zumaiatik kanpokoak izaten dira ibilgailuak pertsonalizatzen dituzten bezeroak. Gizonezkoak dira gehienak, baina mekanikoaren arabera, gero eta emakume gehiago gerturatzen ari dira motorren mundura. Gaineratu duenez, emakumezko bezeroentzat hiru motor egokitu ditu azken hilabeteetan.
Uztailetik zabalik
Ibilgailuak bakarrik ez, lokala bera ere Torok berak egokitu du, instalazio elektrikotik hasi eta iturgintza lanetara. Garajea behar bezala publikoari zabaltzeko, irekiera festa antolatu zuen uztailaren hasieran Torok. Ingurukoen bultzadarekin hasi du bidea Zezen Motors garajeak, eta aurrerantzean motozale guztientzat izango da zabalik.
