2022ko Europako WSL txapela irabazi du Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrak. Pasa berri den asteburuan Azoreetan jokatutako txapelketaren ondoren lortu du zumaiar gazteak garaipena.
Azoreetako txapelketako finalera heldu ziren lau surflarien artean bi zumaiarrak ziren: Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri ahizpak, hain zuzen. Egun bakarrean jokatu zen junior mailako txapelketa, eta lau txandak egun berean egin behar izan zituzten emakumeek. Azkenean, Aelan Vaast tahitiarra nagusitu zen eta bigarren postua Janire Gonzalez- Etxabarrirentzat izan zen. Annette Gonzalez-Etxabarri hirugarren izan zen Azoreetako finalean. Laugarren postua Sarah Leiceaga biarriztarrarentzat izan zen.
Europako Junior itzulia lau probak osatzen dute, eta horietatik bi irabazi ditu Vaast tahitiarrak. Sailkapen orokorrerako, baina, hiru emaitza hoberenak hartzen dira kontuan, eta horri esker lortu du Janire Gonzalez-Etxabarrik irabazlearen titulua. Hiru urtez jarraian lortu du Europako Junior WSL titulua. Zumaiarrak Marokoko txapelketa irabazi zuen, eta horrez gain beste bi finaletara ere sailkatu du Gonzalez-Etxabarri: Galizian eta Azoreetan, hain zuzen. Tahitiarrak, ordea, bi proba irabazi ditu, baina beste bietan ez zuen amaitza aipagarririk lortu.
Emaitzarekin "oso pozik" zegoela azaldu zion irabazleak WSLko kazetariari, nahiz eta, onartu zuen, sentsazioa aski ezaguna duela. Aldatzeko unea ere badela gaineratu zuen. "Uste dut zirkuitu honetan jada nahikoa lehiatu naizela eta orain prest naiz QS eta CS mailako txapelketetan zentratzeko eta aurrerantzean denbora osoa horri eskaintzeko, azken helburua noizbait CT mailan egotea baita".
Anette hirugarren
Aipagarria da, baita ere, Annette Gonzalez-Etxabarrik lortutako hirugarren postua zirkuituko sailkapen orokorreak. Itzuliko hirugarren proba irabazi zuen 15 urteko surflari gazteak Bretainian, eta horri esker lortu du hirugarren postua 20 urtetik beherakoen lehiaketan.