Adiel Zabalak irabazi du Olarro Eguneko argazki rallya

Juan Luis Romatet 2022ko urriaren 18a

37 argazkilarik hartu zuten parte irailaren 17an egin zen txapelketan. Atzo arratsaldean eman ziren sariak Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian. 

Beste hainbat jardueren artean, argazki rallya egin zen aurten ere Olarro Egunaren barruan. Irailaren 17an, goizez, egin zen txapelketa hau eta atzo arratsaldera arte egon behar izan zen zain sarituen izenak jakiteko. Alondegiko Oxford aretoan egin zen sari banaketa ekitaldia: lehenbizi, lehiaketara aurkeztutako lan guztien proiekzioa egin zen, eta ondoren banatu zituzten sariak. 

Guztira, 37 argazkilarik hartu zuten parte irailaren 17an egin zen rallyan: 30 helduk, eta 16 urtetik beherako beste zazpi argazkilarik. Bost gaien inguruko argazkiak atera behar izan zituzten lehiakideek: Olarro Eguna 2022, Euskaraldia, begirada, eskuz egina eta itsasontzia.

Aurtengo argazki rallyko irabazlea Adiel Zabala zestoarra izan da. Bigarren saria Manu Barreiro beasaindarrak irabazi du eta hirugarrena Juan Ramon Llavorik. Zumaiar onenaren saria, berriz, Soraya Lopezek jaso du. 

Hemen ikus daitezke aurtengo rallyra aurkeztutako lan guztiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide