Berdintasun Plana aurkezteko kontraste ariketa egingo dute Emakumeon* Etxean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 19a

Hainbat saio ireki egin dituzte urtean zehar; irudian, maiatzeko bat. (Utzitakoa)

Azken hilabeteotan egindako lana aurkezteko kontraste ariketa egingo dute urriaren 24ko hitzorduan, herritarrekin. 4. Berdintasun Plana 2023arekin batera martxan jartzea da asmoa.

Zumaiako 4. Berdintasun Plana osatu ahal izateko, herritarren, Berdintasun Forokoen, Emakumeon* Etxekoen, mugimendu feministako kideen nahiz beste hainbat kolektibotako kideen iritzi eta ekarpenak jaso ditu Zumaiako Udalak. Orain, lana osatu ahal izateko, bildutakoa aurkezteko "kontraste ariketa" egingo du udalak. Horretarako, urriaren 24an bilera irekia egingo dute herritarrentzat, udalak datozen lau urteetan aplikatu beharreko berdintasun politikak "partekatu eta adosteko" helburuarekin. 18:00etan izango da hitzordua, Emakumeon* Etxean.

Urte osoa darama udalak Berdintasun Plana osatzeko lanketan, eta 2023arekin batera indarrean jartzeko asmoa du erakundeak. Martxotik ekainera bitartean, egungo egoeraren argazkia egiten aritu ziren eta, ikasturte berrian, identifikatutako erronka horietatik abiatuta, helburuak eta neurriak landu dituzte, horiek Berdintasun Planean txertatuta. Udalak ohar bidez azaldu duenez, plana "errealista, gertukoa eta eraginkorra" izatea nahi dute, "udaleko eta udalerriko beharretara egokitua".

Berdintasun Plana diseinatzeko prozesuaren inguruko xehetasun gehiago, hemen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide