Zumaiako LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetu ahal izateko neurri eta politika konkretuen zerrenda osatu du azken hilabeteotan Zumaiako Udalak Eihera Kooperatibaren bidelaguntzarekin. Proposamen horiek jendaurrean aurkeztuko dituzte orain, azaroaren 3an, Oxford aretoan egingo duten aurkezpenean.
Bi urte dira udalak prozesua hasi zuela. Izan ere, Udal Gobernuaren hitzetan, LGTBI+ kolektiboaren aldarrikapenak kalean ikusten diren arren, gaur gaurkoz oraindik ez da identifikatutako behar horiek neurri politikoetara eramaten asmatu. Horregatik guztiagatik, barne mailako lanketa egin zuten lehenbizi 2020an: udaleko zenbait sail aztertu zituzten, batetik; eta LGTBI+ kolektiboaren problematika lantzeko saioak egin, bestetik. Saio horien ondotik aurkeztu zuten Zirta espazio askea, 2021eko martxoan, eta udalaren barruan eragiteko formakuntza saioak ere egin zituzten, LGTBI+ kolektiboaren inguruko sentsibilizazioa udal zerbitzuetan txertatzen hasteko.
Orain arte egindako ekimenen balorazio baikorra egin arren, "norabide falta" sumatu zuten, eta horregatik, bideorri bat zehazteari ekin zioten iaz. Herriko kolektibo eta norbanakoak elkarrizketatu dituzte hilabeteotan guztiotan, eta elkarrizketa horiek oinarri hartuta osatu dute LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurri eta politika konkretuen zerrenda.