Gazteei zuzendutako bideo lehiaketa antolatu du Larraina Euskara Taldeak. 14 eta 18 urte bitarteko Zumaiako gazteek hartu dezakete parte lehiaketa honetan eta azaroaren 1a arte izango dute lanak aurkezteko epea. Larrainako kide Olatz Arregik, Belen Urangak eta Itsaso Aldalurrek azaldutakoaren arabera, Zumaian euskararen erabilera bultzatzeko beste pauso bat bezala antolatu dute bideo lehiaketako lehen edizio hau, "baita Larraina beraren jarduna gazteen artean zabaltzeko ere". "Gazte euskaldun asko dago herri honetan, eta azken datuek hori konfirmatu dute. Baina, ez ginen beraiengana iristen. Hori dela eta, pentsatu genuen egokia izan zitekeela gazteei zuzendutako bideo lehiaketa antolatzea", adierazi du Olatz Arregi.
14 eta 18 urte bitarteko (2004-2008 urteetan jaiotakoak) gazteei zuzendutako lehiaketa da hau. Parte-hartzaileek bi eta hiru minutu bitarteko bideoak prestatu beharko dituzte ‘Euskaraz, bai horixe!’ gaiaren inguruan. Antolatzaileek lehiaketako oinarrietan azaldu dutenez, "Bideo horren helburua zumaiarren artean euskararen erabilera sustatzea izango da. Hausnarketarako eta bideoaren edukia lantzeko lagungarriak izan daitezkeen hainbat gai eta galdera proposatzen dira: zergatik ez dugu euskaraz egiten beti?; lehenengo hitza euskaraz; euskaraz hobeto; horrek ez du euskaraz jakingo...; aurreiritziak apurtu...".
Belen Urangaren esanetan, lehiaketaren helburua garbia da: "gazteen artean euskararen erabileraren aldeko mugimendua sortzea, eta beraiek ere pentsatzen jartzea". Lehiaketa hau antolatzerako orduan gazteek izan dezaketen euskararen erabilpenaren inguruko kezka berezirik ez dutela ere azaldu du Urangak. "Larrainan mundu desberdinak aztertzen saiatzen gara. Haurren kasuan ikerketa bat egin berri dugu. Gazteen artean, berriz, kezka bat badugu kale erabileraren datuek ematen diguten argazkia dela eta. Eta zer esanik ez beste esparruetan. Baina, gazteengan badugu konfiantza bat. Gazteek duten disponibilitatea oso interesgarria da, oso indartsua, nahiz eta azken urteetan badirudien zertxobait jaitsi dela. Ez dakigu ekimen honek zer eragin izan dezakeen, baina sumatzen da nahi bat gaiaren inguruan pentsatzeko. Ea aukera ematen digun herriko gazteak pentsatzen jartzeko".
Instagram, Youtube, TikTok eta bestelako sare eta plataformetan euskararen presentzia urriaren jakitun, lehiaketa honekin, sortu ditzaketen bideo horiekin, euskararen presentzia areagotzea ere badago Larrainakoen asmoetan.
Guztira, hiru sari izango dira, denak Gertu merkatari eta ostalarien elkarteko bonutan. Proposamenak Wetransfer bidez bidaliko dira zumaia@larraina.eus helbidera. Bideoaren hasieran lehiaketaren karatula jarri behar da, eta bertan txertatu bideoaren izenburua. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 1a izango da. "Gaiak aukera ematen du bideoak era librean egiteko. Politena, harrigarriena, baina harritu gaitzatela, horrek inporta du".