Askotariko proiektuak hautatu dituzte zumaiarrek partaidetzazko aurrekontuen prozesuan

Maria Maya Manterola 2022ko urriaren 27a

Gomez, Illarramendi, Barrentxea eta Alberdi, proiektuak iragartzeko prentsaurrekoan. (Maria Maya Manterola)

Datozen bi urteetan gauzatuko dira. Paolean igerileku naturala egiteko bideragarritasun eta egingarritasuna ikertu, eraikin publiko eta eskolen teilatuetan eguzki plakak ezarri eta haur parkeak hobetuko dituzte, besteak beste.

Zortzi hilabeteko prozesuaren ondoren, amaitutzat eman du Zumaiako Udalak partaidetzazko aurrekontuen prozesua. Gaur aurkeztu dituzte datozen bi urteetan gauzatuko diren proiektuak Maider Alberdi Partaidetza zinegotziak, Ainhoa Illarramendi EAJren zinegotziak, Karmele Gomez Berdintasun teknikariak eta Maitane Barrenetxea Aztiker ikerguneko teknikariak.

Aurkezpenean zehaztutakoaren arabera, "bideragarriak diren" eta prozesuan boto gehien jaso dituzten proiektuen arabera ezarri dute horiek gauzatzeko hurrenkera. Paolean igerileku naturala egokitzeko bideragarritasun eta egingarritasun ikerketa juridiko-teknikoa izango da datorren urtean egingo duten proiektuetako bat. Horretarako, 18.150 euro bideratuko ditu udalak, eta jakinarazi dutenez, boto gehien jaso dituen proposamena izan da. Eraikin publiko eta eskolen teilatuetan plaka fotoboltaikoak ezartzeko, berriz, 75.000 euroko partida gordeko du udalak. Erkiberen belardiko zati batean erabilera anitzeko estalpea eraikitzeko gordeko du diru kopururik handiena, 125.000 euro, hain zuzen. Haur parkeetan hobekuntza eta berrikuntzen lanen erdia egingo dute, bestalde, datorren urtean, eta beste erdia 2024an. 

Haur parkeak hobetzeaz gain, pumptrack bike –txirrinduan ibiltzeko zirkuitua– bat eraikiko dute 90.000 eurorekin. Bidegorria diseinatu eta plan batean jasotzea ere lehentasunezkotzat jo dute, eta 18.150 euro bideratuko dituzte horretara. Adinekoak ere aintzat hartu dituzte, eta horiei bideratutako politika publiko zehatzak eta zerbitzuak definitu ahal izateko, 65 eta 74 urte arteko pertsonen egoera eta beharrak aztertuko dituzte 55.000 euroko partidarekin. Herriko erabilera anitzeko kirol kantxetan berrikuntzak ere egingo dituzte 2024an, horretarako 25.000 euro gordeta. Boto gutxiago jaso arren, naturaren babes eta zaintzarako lurzoruak identifikatzeko ikerketa egitea eta herritarrak sentsibilizatzeko garbitasunaren inguruko kanpaina gauzatzea hautatu dituzte, azkenik, 2024rako. 

Alberdik eskerrak eman nahi izan dizkie prozesuan parte hartu duten herritar guztiei. Haren hitzetan, erronka handia izan da udalarentzat, lehenengo aldia delako halako prozesu bat gauzatu duena. Prozesua luzea izan arren, emaitzak eman dituela uste du. Illarramendik, bestalde, Berme Taldeko giro ona azpimarratu nahi izan du. 

519 zumaiarren botoak

Proiektuak jakinaraztearekin batera, bozketa fasean 519 pertsonak parte hartu dutela ere argitu dute. Aurrez proposamenak jaso, lehenesteko saioak egin eta bideragarritasun tekniko zein ekonomikoaren arabera batzuk baztertu ondoren, azken fasean 20 proiekturen artean eman dute botoa zumaiarrek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide