Gabonetan ekitaldiak antolatzen laguntzeko izena emateko epea zabaldu du udalak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urriaren 30a

Errege Magoen desfileko partaide bat, artxiboko irudian.

Herriko irabazi asmorik gabeko elkarteek eman dezakete izena, azaroaren 12a baino lehen. Gabonetako Jaiotzan, Erregeentzat kartak jasotzen eta kabalkadan lagundu beharko dute.

Urte amaiera gerturatzen ari da, eta Zumaiako Udalak Gabonak antolatzen hasteko pausoak eman ditu. Hala, herriko taldeei izena emateko epea zabaldu die. "Ekitaldi hauek aurrera eramaten herriko talde eta norbanako ugarik hartzen dute parte, baina antolaketan laguntza eskainiko duen talde handi baten beharra ere badugu", azaldu du udalak. 

Interesa duten taldeek azaroaren 12a baino lehen apuntatu beharko dute Alondegian, bertara joanda edo 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta nahiz kultura@zumaia.eus helbide elektronikora idatzita.

Behin epea amaituta, taldeekin bilera egingo du udalak, eta jakinarazi du lan guztiak Kultura eta Turismo sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta burutuko dituztela.

Dena den, aurreratu dute, ohi bezala, lankidetza beharko dela abenduaren 24 arratsaldeko Jaiotzarako; urtarrilaren 4an Erregeen pajeekin batera haurren kartak jasotzeko; eta urtarrilaren 5ean, berriz, Eusebio Gurrutxaga plazan egongo den Jaiotzan, eta baita Kabalgataren prestaketan eta ibilbide osoan ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide