Telmo Iruretak bere azken filma aurkeztuko du Aita Mari zineman

Juan Luis Romatet 2022ko azaroaren 2a

Donostiako Zinemaldian estreinatu eta gero, zinema aretoetara heldu da La consagracion de la primavera filma, Fernando Franco zinemagilearen hirugarren lana. Pelikula asteburu honetan Zumaian emango da, larunbatetik astelehenera bitartean, eta bi saiotan, larunbatean eta igandean, filmeko aktore den Telmo Irureta zumaiarra arituko da aurkezle lanetan.

Iruretarekin batera Valeria Sorolla eta Emma Suarez dira pelikulako protagonistak. Sorolla Laura da, unibertsitate ikasketak egitera Madrilera joan den gaztea. Gau batean, ezustean, David (Telmo Irureta) ezagutuko du, garun-paralisia duen mutil bat. Mutilarekin eta haren amarekin (Emma Suarez) izango duen harremanari esker, Laurak alde batera utziko ditu konplexuak eta segurtasun ezak, etapa berri bati konfiantzaz aurre egiteko. Istorio honek bizitzako momentu bat kontatzen du, non dena baita posible, eta ezustean ezagutzen ditugun pertsonak erabakigarriak izan daitezkeela.

Filma pasa den irailean egin zen Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehian aritu zen. Kritika onak jaso zituen filmak estreinaldian, baina, azkenean, ez zuen saririk eskuratu. 

Fernando Francoren pelikula Zumaian emango da asteburu honetan, Aita Mari zinema aretoan larunbatetik astelehenera bitartean, 19:30ean. Telmo Irureta berak aurkeztuko ditu larunbateko zein igandeko emanaldiak. Bere lehen film luzea da La consagracion de la primavera, eta haren nondik norakoen berri emango die saiora hurreratzen direnei. 

Sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai emanaldien egunean bertan, baina aurrez ere erosi ahal izango da Internet bidez sarrerakzumaia.eus webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide