San Jose Komentua Kultur topagune bihurtzeko lanak azaroan zehar hasiko direla iragarri du udalak, eta dena ondo bidean 2024ko udazkenean amaituko direla. Makina pisutsuak lanean hasi aurretik, eraikinean gordetzen ziren elementu baliotsuak atera dituzte.
Proiektu honek duen garrantzia dela eta, eraberritze prozesua bideo laburren bidez jarraitzeko aukera izango da. Albiste honekin doan bideoa da prozesua jasoko duen lehena. Obrak eremuan eragingo duen aldaketa dokumentatzeko, uneoro kamera bat martxan izango dela ere iragarri du udalak.
Horretaz gain, eraberritze lana finantzatzen lagunduko duen beste dirulaguntza bat ere jaso duela azaldu du udalak. Pasa den astean argitaratu zenez, Zumaiako Udalak 2.778.070 euro jasoko ditu Espainiako Hiri Agenda eta Arkitektura Zuzendaritzatik. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik beste 241.935 euro jakin berri du Udala. Hala, eraberritze kostearen %60 dirulaguntzen bidez finantziatuko du udalak.
Bilera bizilagunekin
Lan handia da Komentukoa eta eragina izango du Zumaiako alde zaharrean eta San Jose kalean: "makinak sartzeko errepide mozketak, kamioien joan-etorriak, hondakinen edukiontzien kokalekuetan aldaketak, eta bestelakoak", gogoratu du udalak.
Horren guztiaren inguruan aritzeko, bizilagunekin bilera egingo du udalak datorren asteartean, azaroaren 8an, "informazioa eman eta zalantzak argitzeko". Udal ordezkariez gain, udal teknikariak eta proiektuan lanean ari diren arkitektoak ere izango dira saioan.