Zumaiako Udalak oharra plazaratu du joan den ostiralean kiroldegiko aldageletan gertatutako erasoaren harira. Gertatutakoa intimitatearen aurkako eraso larria da udalaren esanetan, eta horren aurrean, emakumeek edozein espaziotan aske eta seguru biltzeko duten eskubidea aldarrikatu du.
Erasoak publikoki salatu, eta erasotu dituzten emakumeenganako elkartasun eta babesa adierazi nahi izan du udalak oharraren bitartez. Era berean, jakinarazi du bere esku dauden eta beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko dituela erasotu dituzten emakumeen eskura.
Indarkeria matxistaren kausa egiturazkoa agerian utzi du, bide batez, oharrean: " Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da".
Udal instalazioak espazio seguruak direla bermatzea ezinbestekotzat jo du udalak, eta horretarako, gertatutakoaren aurrean hartu behar diren neurriak zehazteko lanketa jarri du abian. "Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan", gaineratu du.
Herritar guztien inplikazioa eskatu du, amaitzeko, udalak: "Gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko".
Aldundia udalarekin bat
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere sexu erasoa "irmoki" salatu nahi izan du, eta udalaren adierazpenekin bat egin du. Gaineratu du "gizon eta emakumeen berdintasun eza" dagoela halako erasoen oinarrian. "Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta intimitatea eskubide urraezinak" dira, Aldundiaren arabera.
Bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoar eskatu diete herritarrei, eraso sexistarik gabeko lurraldea eraikitzera bidean.