Zure egia guztion ardura lelopean antolatu ditu udalak aurten ere indarkeria matxistaren aurkako egunari lotutako ekitaldiak. Azaroaren 14an hasi eta hilaren 29an bukatuko dira. Bi aste horietan hitzaldiak, tailerra, giza katea eta mobilizazioa egingo dira herriko leku desberdinetan.
Horren berri eman dute gaur goizean udaletxean egindako pleno aretoan. Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaiena Ikastetxeko ikasleek –Oikiako Eskolako eta Soldadura Zentroko ikasleek ezin izan dute parte hartu–, Mugimendu Feministako eta Emakumeon* Etxeko kideek, eta udal ordezkariek hartu dute parte bertan.
Egitaraua aurkezteaz gain, hezkidetzaren garrantziaz ere aritu dira goizeko ekitaldian, eta 2016an sortutako Hezkidetza Foroaren izaeraz aritu dira, besteak beste. Foro hori hezkidetzaren eremuan herri desberdinek elkarrekin sortutako, eta herri bakoitzean udalak eta ikastetxe desberdinen artean abian jarritako proiektua dela azpimarratu dute. Kasu honetan, Aiak, Oriok, Getariak, Zarautzek eta Zumaiak osatu dute Hezkidetza Foro hau.
Ikasleek nabarmendu dute foro honetan inork ez duela zalantzan jartzen nazioarteko egun honen zergatia. "Hau da, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta horren beharrean gaudela", azaldu dute ikasleek. Horri lotuta, Foroko kideek gaineratu dute indarkeria oro gainditzeko apustu onena, guztion arteko errespetua, persona guztiak aintzakotzat hartzea, ezberdintasun orori lekua egitea eta elkarren arteko zaintza dela. "Horregatik Tratu ona, guztiona leloa. Guztiok, herriko ikastetxe guztiok eta udalak helburu berdina dugula erakutsi nahi dugu eta erakutsiko dugu".
Egitaraua
Azaroak 14
18:30ean. El impacto invisible de la violencia machista hitzaldia, Maitena Monroy, Emakumeon* Etxean. Hizkuntza: gaztelaniaz.
Azaroak 22
11:30ean. Maskulinitateak lantzen tailerra Soldadura Eskolako ikasleekin, Daiteke Aholkularitzak gidatuta. Oxford aretoan. Hizkuntza: euskaraz.
Azaroak 25
11:00etan. Zumaiako eskolek eginiko giza katea, Martxoaren 8a plazatik aterata Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Bukaeran, azaroaren 25erako adierazpena irakurri eta bertsoak kantatuko dituzte.
19:00etan. Mobilizazioa, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta.
Azaroak 29
18:00, Indarkeria matxisten biktimen ahotsak: memoria, erreparazioa eta aitortza hitzaldia, Mugarik Gabe. Oxford aretoan. Hizkuntza: euskaraz.