Torreberriko aterpean egin zen ostegun iluntzean Euskaraldiari hasiera emateko antolatutako ekitaldia. Berez, Kofradian zen egitekoa, baina euri iragarpenengatik Torreberrira eraman zuten antolatzaileek.
Jabi Gonzalez Toston kazetariak irakurritako sarrerako idatziaren ondoren, kultur munduko herriko zenbait lagun igo ziren oholtza txikira. Hala, Esti Curielek bakarrizketa eskaini zien bertaratutakoei, bertso eskolako gaztetxoek bertso batzuk abestu zituzten, eta izan zen musikarako txanda ere Musika Pixkat Bizitzai hirukotearen eskutik. Astindu dantza taldeak sortutako koreografia dantzatzeko aukera ere izan zuten Torreberrira hurreratu zirenek.
Hizkuntz ohiturak aldatzea helburu duen ariketa sozial hau gaurtik abenduaren 2ra bitartean egingo da. Horren bueltan ekitaldi batzuk antolatu ditu Euskaraldiaren batzordeak Zumaian. Datorren ostegunean, hilaren 24an, Jon Maiak gidatutako solasaldiak egingo dira Aita Mari aretoan. Astebete geroago, abenduaren 1ean, Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa egingo da Oxford aretoan –Deñe abeslariak girotuko du saioa–, eta egun bat geroago, Euskaraldiaren azken egunean, bertso saioa egingo da Kupela jatetxean. Andoni Egaña eta Oihana Iguaran arituko dira kantuan.