EUSKARA ARNAS

Biziraupenaren sokan

Ane Olaizola 2022ko aza. 24a, 10:00

2019tik egin gabe egon den Euskaraz Bizi Eguna ospatu dute aurten Zarautzen. (Mireia Galarza)

Duela bizpahiru hamarkada izan zuten loraldia euskara elkarteek, baina bestelako agertokian dira egun. Militantziaren eta lekuko faltaren harian zintzilik jarraitzen dute askok; ez, ordea, guztiek.

Azken hamarkadetako euskalgintza ezin da ulertu herri mugimenduen bultzadaz sortutako euskara elkarteen jardunik gabe. Tokian tokiko euskara elkarteek berebiziko garrantzia izan dute euskararen biziberritzea hauspotzen, eta ezin uka normalizaziorako akuilu izan direnik. Duela bizpaihiru hamarkada izan zen horien loraldia, orduan sortu baitziren elkarte asko. Hainbat faktorek eraginda, ordea, etorkizuna ezbaian izan dute batzuek, eta bizirik daudenen egoera orokorra da biziraupenaren sokari helduta dabiltzala. 

Urola Kostako euskara elkarteen egoera ez dago Euskal Herriko argazkitik oso urrun: zenbaitek, azken urteetan utzia dute jarduna; Azpeitiko Natul euskara taldeak, esaterako. Badaude, bestalde, urte luzez ekindako lanari jarraitzen diotenak, horiek hainbat bidegurutze igaro behar izan badituzte ere. 

Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkartea da adibidetako bat. Beste herri askotan bezala, euskarazko herri aldizkari baten hutsuneak bultzatuta eta hura martxan jartzeko asmoz eratu zen euskara elkartea, duela 26 urte. "Gogoeta eta teorizazio handirik gabe ekin genion lanari: euskara sustatzea genuen helburu, eta herri aldizkaria zen horretarako bidea", gogoratzen du Idoia Alberdik, elkartearen sortzailetako batek eta egungo lehendakariak. 

Izen bereko herri aldizkariak bere jardunerako behar zuen "aterpe" izan zen elkartea hastapenetan. Artean, bailaran ez zegoen euskara elkarte "sendorik", eta erreferente gertukoena Elgoibarko Izarra izan zutela azaldu du. Urtebetera sortu zen Euskaltzaleen Topagunea, eta hura "mugarria" izan zen Maxixatzenentzat, sortzen ari ziren herri mugimenduak "modu ordenatuan koordinatzeko eta antolatzeko" balio izan baitzuen. 

Gerora beste bide batzuk ere urratu zituen Azkoitiko taldeak, baina urte luzez elkartearen "ia jardun nagusia" hedabidearen kudeaketara bideratuta zegoen —2009tik 2015era artean aldizkariak izan zuen etenaldia kenduta—, harik eta 2020an elkartea Urolako Komunikazio Taldera batu zen arte; orduan, aldizkaria kooperatiba horren esku geratu zen: "Agertoki horretan, elkartea berpizteko eta sustatzeko ordua iritsi zen". 

Nahi bezain osasuntsu, ez

Liburu Azoka, Maiatzeko Lorak jardunaldiak edota Orbel Jokuak dira elkarteak egun antolatzen dituen egitasmo garrantzitsuak. Zortzi kidek osatzen dute elkartea, eta horietako bat lanaldi erdiko kontratuarekin dago liberatuta. Zentzu horretan, halako elkarteei "militantziak" eusten diela adierazi du Alberdik: "Baina militantzia epe jakin batean da eraginkorra. Proiektuak aurrera egiteko, profesionalizazioa ezinbestekoa da. Bien arteko orekak egon behar du". 

Lehendakariaren hitzetan, elkartearen egoera ez da nahiko luketen bezain "osasuntsua", ez baitago erreleborik, eta horrek kezkatu egiten du euskaltzalea. "Elkartean egun gaudenetako batzuk duela 26 urte proiektua hasi genuenak gara, eta beste batzuk, berriz, hasierako urteetan bidean batzen joan direnak. Denak, 40 urtetik gorakoak". Haren arabera, halako proiektuak ez dira erakargarriak gazteentzat, eta elkarteen erronka "horretan asmatzea" dela uste du hark. Dena den, Alberdik azaldu du lekuko faltarena "arazo orokorragoa" dela: "Herri ekimeneko proiektu gehientsuenok antzera gabiltza. Eten nabarmen bat dago transmisio horretan". 

Testuinguru horretan, aurrera begirako lan lerroak finkatzen ari da Maxixatzen egun, eta gainerako euskara elkarteak bezala, "inflexio puntuan" da elkarte hori ere; etorkizunari "kezkaz" begiratzen dio hark, besteak beste, euskara espazioak galtzen ari dela sumatzen baitute: "Aktibazioa eta kontzientzien esnatzea bilatu behar ditugu; horretara bideratu behar dugu indarra". 

Bestelako bidea egin du Euskal Herrian Euskarazen Zarauzko taldeak, baina hark ere badu antzekotasunik Maxixatzenen egoerarekin. Duela 43 urte sortu zen, helburu argiarekin: "Euskal Herri euskalduna lortzea", esan du Zarauzko taldeko kide Uxoa Olaskoagak. Bide horretan, hainbat esparru landu eta "borrokatu" dituzte kideek, baina azken urteetan herri mugimenduen indarra apalduz joan dela sumatu dute Zarautzen ere. 

Olaskoagaren hitzetan, azken urteetan "gainbehera" izan du Zarauzko EHEk, eta horren isla izan da, besteak beste, irailean antolatzen zuten Euskaraz Bizi Eguna ez zela ospatu hainbat urtez: "Euskaraz Bizi Eguna azken urteetan ez da ospatu pandemiaren harira, baina baita taldekideok indarrik gabe geundelako ere". Aurten, ordea, taldea berriz martxan jartzeko ahalegina egin dute, eta horrek izan du emaitza: "Aurten, herritar askok eskatu digute Euskaraz Bizi Eguna antolatzeko, eta beste hainbeste lanerako prest agertu dira. Horregatik erabaki genuen berriz antolatzea, eta ederra izan zen prestaketan horrenbeste jenderekin aritzea". Olaskoagaren esanetan, Euskaraz Bizi Eguna berriz ospatzea «oso garrantzitsua» izan da elkartearentzat zein herritarrentzat. 

Elkartea desagertzear egon ondoren, taldeak dinamika berreskura dezan alea jarri dute berriz aurten: "Parte hartzeko eredu bakarra ez dagoela ikusita, berrantolatzeko eta komunitatea eraikitzeko hautua egin dugu. Parte hartzeko aukera anitzak daude, eta horrek taldea zabaltzea dakar, eta lanen banaketan laguntzen du". Dena den, jendea "lanerako prest" egonagatik, kideak aitortu du ez dakiela egindako saiakerak zer fruitu emango duen: "Jendea lanerako prest dago, baina antolatzeko jarraipena falta zaigu". 

Bestelako dinamiken bila

Txanponaren bestaldean dago Zumaiako Larraina euskara elkartea, oraintsu hasi baitu ibilbidea: "Euskaraldiaren aurreneko edizioan eratu zen talde eragileak pentsatu genuen jarraitu egin behar genuela lanean. Ordea, izurria etorri zen, eta azkenean, aurten sortu dugu elkartea", azaldu du hango kide Belen Urangak. Lan ildo batzuk identifikatuta dituzte, hala nola sentsibilizazioan eragitea eta esparruz esparru lan egitea, betiere euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntz eskubideak errespetarazteko. 

Dozena bat lagunek dihardute talde eragilean, eta 40 bat pertsona dira "Larraina lagunak". Urangaren esanetan, lekuko falta "euskalgintza osoan" dago, baina azpimarratu du gazteak ez daudela geldirik, "bestelako dinamikak" sortzen ari baitira. Larrainak, behinik behin, lortu du belaunaldi desberdinetako jendea batzea: "Taldean badaude 20-35 urte bitarteko gazteak eta helduagoak. Egia da zaila dela gazteak inplikatzea, baina ikusten ditugu, eta badaude". 

Urangaren hitzetan, Larrainak abiapuntu desberdina izan du beste euskara elkarteekin alderatuta: "Taldea abiatu da euskararen inguruko ariketa sozial indartsu eta instituzional batetik. Euskararen munduan lanean ari garen batzuk ere elkartu gara, sentsibilitatea duten beste batzuekin batera". Beraz, zumaiarrak azpimarratu du Larrainak ez duela militantziaren ikuspegirik: "Lehen, bazegoen euskararen inguruko militantziaren halako ikuspegi bat; beste puntu batean zeuden, eta beren jardunak eskatzen zuen militantzia handia izatea". Egun, ordea, agertokia desberdina dela azpimarratu du hark: "Gutxieneko sentsibilitatea dugunon artean aliantzak bilatu eta iritzi desberdina duen jendea elkartu gara. Saiatzen gara proiektu txikiak egiten; mundu guztia egoten leku denetan". Beste mailakatze bat proposatzen dute: "Hilean behin elkartzen gara denok; arinagoa da, eramangarriagoa, baina horrek ez dio kentzen garrantzia jardunari". Dena den, taldeko gehienak euskararekin modu batera edo bestera lotura duten profesionalak direla aipatu du Urangak, eta hori adierazgarria dela deritzo: "Ikerketarako mamia dago hor". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide