Piztu dituzte dagoeneko Gabonen bueltan urtero jartzen dituzten argiak, eta urtarrilaren 6ra bitarte izango dira Zumaiako kaleetan. Guztira, 36 gune argiztatu dituzte, iaz baino lau gehiago. Izan ere, udalak jakinarazi du dendarien eskariz erabaki dutela gune horiek ere argiztatzea, eta beraz, ohiko guneez, gain, Artadi auzoko plaza, Larretxo auzunea, Aita Mari auzunearen atzeko jolas parke ingurua, eta Estazioko kalea argiztatuko dira.
Bestalde, udalaren esanetan, LED bonbillak erabili dituzte argien instalazioan, eta "horrek energia kontsumoa nabarmen murriztea dakar". Udalaren arabera, 17 kilowattekoa izango da kontsumoa, eta instalazioa argiteria publikora lotuta dagoenez, argiztapenaren ordutegia argiteria publikoaren berdina izango da.
Maykolux enpresari dagokio Gabonetako argiteriaren hornidura, eta udalak 41.890 euro erabiliko ditu horretarako.