Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako seigarren jardunaldiko partida jokatu zen pasa den astelehenean Gernika Jai Alai frontoian. Harmailak bete-beteta zeudela jokatu zen neurketa, eta pilota modalitako honetako zaletuek gozatzeko aukera izan zuten.
Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek osatutako bikoteak Urko Lekerika eta David Minvielle izan zituen aurkari. Lehen faseko neurketa galdu ondoren –Iñaki Osa Goikoetxea eta Etchetoren aurka, 2-0 emaitzarekin–, bizkaitarrak eta zumaiarrak osatutako bikoteak puntuak biltzeko beharra zuen txapelketarako hautagai izaten jarraitu nahi bazuen.
Esan eta egin. Oraindik ere %100ean ez badaude ere, Beaskoetxea eta Lopez dominatzaile garbiak izan ziren Gernikako frontoian, bai joko aldetik, baita markagailuan ere, eta lehen partidaren ondoren izan zitezkeen zalantzak uxatu zituzten. Hasieratik jarri ziren aurretik markagailuan, eta ia ohartu gabe zortzi tantoko tartea lortu zuten (8-0). Lekerika eta Minvielle erreakzionatzeko gai izan ziren, eta hiru tantora hurreratu ziren (10-7). Hor amaitu ziren urdinen aukerak; 15-8 emaitzarekin irabazi zuten Beaskoetxeak eta Lopezek lehen seta.
Bigarren setean jaun eta jabe izan ziren gorriak. 6-0 eta 12-1 emaitzekin jarri ziren aurretik, eta horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuten Lekerikak eta Minviellek. Bigarren seta 15-5 emaitzarekin bukatu zen, eta, ondorioz, partida 2-0 emaitzarekin irabazi zuten bizkaitarrak eta zumaiarrak.
Emaitza honekin lortutako lau puntuei esker, B multzoko sailkapeneko buruan jarri dira Beaskoetxea eta Lopezek. Puntu kopuru bera dute Goikoetxeak eta Etchetok, baina partida bat gutxiago jokatu dute. Urtarrilaren 9an jokatuko dute azken hauek bigarren faseko partida; Johan eta Del Rio izango dituzte aurkari. Aurretik, abenduaren 19an, ligaxkako hirugarren norgehiagoka izango dute Beaskoetxeak eta Lopezek. Hauek ere Johan eta Del Rio izango dituzte aurrez aurre.