Euskadiko eta Gipuzkoako eskubaloi selekzioekin aritu dira Pulporen harrobiko jokalariak

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 9a

Bergaran, Legazpin eta Lekunberrin jokatutako partidetan aritu dira Pulpo Eskubaloiako jokalari gazte batzuk Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioek deituta. 

Abenduaren 8a jaieguna izango zen askorentzako. Ez, ordea, Gipuzkoako eta Euskadiko eskubaloi selekzioek deitutako Pulpo Eskubaloiko jokalari gazte batzuentzako. Izan ere, ostegunean jokatutako txapelketa eta oroimenezko batzuetan aritu ziren Gipuzkoako edo Euskadiko eskubaloi selekzioek deituta. 

Ane Amilibia, Ane Blazquez eta Jon Flores kadete mailako jokalariak Gipuzkoako selekzioarekin jokatu zuten atzo. Lehen biak Bergara Hiria Emakumezko IV. Eskubaloi Txapelketan aritu ziren. Debagoienako eta Errioxako selekzioak izan zituzten aurkari, baita txapelketa irabazi ere Gipuzkoarekin.

Floresen kasuan, Legazpin jokatutako lagunarteko partidetan aritu zen. Gipuzkoa txuria, Gipuzkoa urdina eta Errioxako selekzioa atera ziren Bikuña kiroldegiko kantxara. Gipuzkoa urdinarekin aritu zen Flores, eta hiru taldeen arteko norgehiagoka irabazi zuen bere taldearekin.

Euskadiko selekzioarekin Lekunberrin

Pulpo Eskubaloiko beste bederatzi jokalari, berriz, Nafarroan aritu ziren Euskadiko selekzioarekin. Lekunberrin jokatutako Jesus Aranazen II. oroimenezkoan aritu ziren Euskadirekin Nafarroako selekzioen aurka. 

Zumaiako eskubaloi klubeko honako jokalari hauek aritu ziren Euskadiko selekzioarekin: Uritz Odriozola, Manex Narbaiza, Aritz Korta eta Axun Gomez infantilak; Danel Udabe, Ander Moriana eta Ander Zearreta kadeteak; eta Jon Ander Iribar eta Joanes Arrizabalaga jubenilak. 

Pulpo Eskubaloiko kideek sare sozialetan aldarrikatu zuten bezala, "Badugu etorkizuna!"

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide