'La maternal' eta 'Mundo extraño' filmak emango dira asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 9a

Bi film emango dira asteburu honetan Zumaiako zinema aretoan, helduentzako eta haurrentzako bana. 

Helduek zein haurrek izango dute zinemaz gozatzeko aukera asteburu honetan Aita Mari zinema aretoan. Gaurtik astelehenera bitartean La maternal filma emango da; igande arratsaldean, berriz, Mundo extraño animazioko pelikula. 

La maternal Pilar Palomero zinemagileak aurretik ere gazteen mundua jorratu izan du. 2021eko Las niñas filmaren zuzendaria da Palomero. La maternal bere bigarren film luzea da. 

Carlak 14 urte ditu eta neskato desafiatzailea eta hezigaitza da. Herri bateko kanpoaldean bizi da, errepideko jatetxe zahar batean, bere ama ezkongabe gaztearekin. Ez da ikastetxera joaten eta egunak Efraín lagunarekin ematen ditu. Gizarte-laguntzaile bat konturatuko da bost hilabeteko haurdun dagoela eta ‘La Maternal’ ama adingabeentzako zentroan sartuko da. Han egoera berean dauden beste gazte batzuekin biziko da. Neskek, haurtxoekin, aurre egin beharko diete helduen mundu berri horri, prestatzeko astirik izan ez duten arren.

Film hau aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen, sail ofizialean, eta sari bat jaso zuen: aktore onenaren saria jaso zuen Carla Quilez gazteak pelikula honetan egindako lanagatik. Hiru Goya saritarako ere izendatu dute, horien artean film eta zuzendari onenentzako.

Filma gaurtik astelehenera bitartean emango da, egunero, 19:30ean.

Igande arratsaldean, berriz, Mundo extraño animaziozko filma emango da Aita Marin, 17:00etan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide