'Mostradore atzean' azterlana aurkeztuko dute ostegunean Zumaiako Emakumeon* Etxean

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 13a

Alde zaharreko merkataritza eta ostalaritza establezimenduen zerrenda egin dute. Argazkian, goiko plazako arrandegia 1995ean.

Miren Osak eta Maitane Subijanak ondu duten ikerlana aurkeztuko dute etzi, ostegunez, Zumaiako Emakumeon* Etxean. Aurkezpen saioa 18:30ean hasiko da. 

Mostradore atzean, Zumaiako emakume merkatarien eta ostalarien historia azaleratzeko azterlana (1940-2020) aurkeztuko dute Miren Osa Galdonak eta Maitane Subijanak ostegunean, 18:30etik aurrera, Zumaiako Emakumeon* Etxean. Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak emandako beka baten emaitza da azterlan hau eta merkatari eta ostalarien historia aztertu eta herriari egindako ekarpena ezagutaraztea du helburu, saltzaile eta erosleen arteko harremanak aztertuta eta begirada feminista aplikatuta.

Ikerketa lanak bi zutabe dituela aurreratu dute ikertzaileek. Batetik, inbentarioa egin dute. Alde zaharrean 1940tik 2020ra bitartean merkataritza eta ostalaritza jardueren zerrenda bat osatu dute. Hori egiteko, udaleko artxiboa arakatu dute, jakin ahal izateko zenbat emakume izan diren establezimendu hauen jabe. “Gure hipotesia izan da emakumeak egon direla beti mostradorearen atzean, baina jabetza gizonena zela”, azaldu dute ikerlanaren egileek.

Bigarren zutabea testigantzek osatzen dute. Herriko merkatari horien ahotsak eta bizipenak bildu dituzte, eta podcast batean jasoko dituzte. Elkarrizketa hauen bidez, ikerlariek zuten hipotesia baieztatu dela diote, hau da, emakumeak leku guztietan zeudela, etxean zein mostradore atzean; zaintza sarea oso garrantzitsua izan zela urte batzuetan, eta erosketak egiteak elkarren berri izatea ahalbidetzen zietela, komunitate izaera bat emanaz. 

"Lan hau gure aitona-amonen eta gurasoen bidez jasotako istorio horien guztien isla izatea nahi izan dugu, hau da goiko plazaren kristoren bizitza egon dela beti, nahiz eta guk ezagutu ez dugun”, gaineratu dute ikertzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide