Ongietorria egin diete udaletxean aurten Zumaiara heldutakoei

Maria Maya Manterola 2022ko abenduaren 14a

Udaleko pleno aretoan egin zieten harrera atzo udal ordezkariek aurten Zumaian erroldatu diren zenbait pertsonari. Udal zerbitzuak, herria bera eta elkar ezagutzeko beta hartu zuten bildutakoek.

Azaroaren amaieran Zumaiara etorri berrientzako gida aurkeztu zuen Zumaiako Udalak, eta horiek helarazteaz gain, udaletxean ongi etorria emateko ekitaldia egin zuten atzo, asteartea. Ainhoa Illarramendi EAJko zinegotzia, Maider Alberdi zinegotzia, Iñaki Ostolaza alkatea eta Karmele Gomez Berdintasun teknikaria bildu ziren bertan, eta beso zabalik jaso zituzten bertaratutako pertsonak. 

Ostolazak emandako datuen arabera, 200dik gora pertsona erroldatu dira herrian 2022an. Jaioberriak 46 izan dira, duela urte batzuetako datuen erdia baino gutxiago –urte batzuetan 120 jaiotza izatera ere iritsi izan da herria–, eta 89 pertsona hil dira. 

Udaletxea bera eta herria ezagutu aurretik, ordea, norbere burua aurkeztu zuen udaletxeko pleno aretoan. Alberdik eman zituen ekitaldiaren helburuen zehaztapenak. Haren hitzetan, harrera egiteaz gain, herria ezagutzea zen asmoa. 

Alkateak azaldu zuen errolda egiteko leku berean, Herritarren Arreta Zerbitzuan, egin ditzaketela tramite administratiboak, eta udaletxea bera ere erakutsi zieten bisita gidatu azkar batean. 

Udaletxeko pleno aretora atzera itzuli, eta herrian bira birtuala egin zieten gero elkartutakoei. Emakumeon* Etxea izan zen abiapuntua: Alberdik azaldu zuen herriko emakumeen topagune izan nahi duen gunea dela, eta denetariko tailer, ikastaro nahiz aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituela. Bide batez, gogorarazi zuen Emakumeon* Etxeak eta udaleko Berdintasun Sailak helburu berak partekatzen dituztela, gizarte parekideago bateranzko oinarriak jartzea, alegia. 

Alondegia Kultur Etxea aurkeztu zien gero Gomezek. Haur liburutegiaz, liburutegi nagusiaz nahiz Oxford aretoaz aritu zen, baita kultura arloko udal bulegoez eta bilera gelez ere. Erribera kalean aurrera egin, eta Beheko plazan egin zuten geldialdia. Alberdiren hitzetan, zerbitzu ugari eskaintzen da gune horretan: Hogarrak eskaintzen dituen zerbitzuak eta adinekoekin lan egiten duten Nagusilan zein Beheko plaza elkarteak, esaterako. Torreberri eraikineko lehen solairuan gaztetxea, eta gainerako pisuetan Musika Eskolako zenbait ikastaro ere bai, dantzarekin loturikoak, batik bat. 

Foronda jauregian, berriz, kultura arloko kurtsoak, KZ gunea nahiz Baleikeren eta Distira Argazkizaleen Elkartearen bulegoak topa ditzaketela azaldu zieten, eta baita ezkontza zibiletarako areto bat egokituta dutela ere, udaleko pleno aretoaz aparte. 

Gomezen hitzetan, kirol elkarte ugari ditu Zumaiak. Lubaki kiroldegian aurki daitezke batzuk; itsas kiroldegian besteak. Ostolazak gogorarazi zuen Lubakiko bazkidetza egiteko aukera dagoela, eta laguntzak ere badaudela gastua bere gain hartu ezin duten pertsonentzat. 

Ondoan Zumaiako anbulategia aurkitzen dela ere azaldu zieten bertaratutakoei, eta inguru horretan kokatzen direla herriko bi eskolen eraikinak ere, Zumaiena eta Zumaiako Herri Eskola. Udalaren ardurapeko bi haurreskolak ere aipatu zituzten, bai Arrangoleta plazakoa, eta baita Aita Mari auzunekoa ere. 

Gizarte Zerbitzuei dagokienez, erroldatuta ez daudenentzat ere zabalik daudela egin zuten azpimarra atzoko saioan, eta Brankan topa ditzaketela eskaintzen dituzten zerbitzuak. Aldundiak kudeatzen duen eguneko zentroa ere eraikin horretan dago, eta baita tutoretzapeko udalaren zenbait apartamentu ere. 

Gazteentzat, berriz, itsas kiroldegiaren goikaldean kokatutako Ludotekaren zerbitzuez aritu ziren. Gomezen arabera, 6-12 urte arteko haurrentzat egokitutako gunea da, eta 12-17 urte arteko gaztetxoentzat, berriz, Gaztegunea ere badagoela nabarmendu zuen, Gernika parkean. 

Ekitaldiari itxiera emateko, Alberdik aipatu zuen udaletxean halako ongi etorri bat egiten zen lehen aldia zela, eta datozen urteetan ere egiten jarraitzeko asmoa dutela. Ongi etorri gida besapean itzuli ziren etxera ekitaldian izandakoak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide