Gai eta estilo anitzeko argazkiak erakutsi ditu Distirak Oxfordeko erakusketan

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 15a

Distirako kideak, erakusketaren irekieran. (Juan Luis Romatet)

Erakusketa kolektiboa zabaldu du Distira Zumaiako argazki elkarteak Alondegiko Oxford aretoan. Elkarteko hemeretzi argazkilarik hartu dute parte argazki banarekin. Erakusketa abenduaren 31ra arte izango da zabalik.

Argazki erakusketa kolektiboa zabaldu zuen atzo Distira argazki elkarteak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Elkarteko hemeretzi bazkideren lanak erakutsiko dira Erribera kaleko areto honetan abenduaren 31ra bitartean. 

“Ez dakit zenbagarren erakusketa izango den, baina ni elkartean sartu nintzenerako –orain zazpi urte sartu nintzen–, ordurako antolatzen zen”, dio Soraya Lopezek, Distirako presidenteak. “Parte hartzaile kopuruaz gain, urtero handitzen doana, lanen tamainua da aldatu zena. Lehen argazkilari gutxiagok erakusten zituzten bere lanak, baina argazki gehiagorekin; txikiagoak ere baziren argazkiak. Orain argazki bakarra erakutsi dezakete, baina tamainuz handiagoak dira”, gaineratu du presidenteak. 

Urtetik urtera beraien lanak aurkezten dituzten argazkilarien kopuruak gora egin duela azaldu du Lopezek. “Aurten hemeretzi lagunek parte hartu dute erakusketan. Egia da ez dutela bazkide guztiek parte hartu; 31 bazkide ditu Distirak, eta horietatik batzuk, arrazoi batengatik edo bestearengatik, ez dute parte hartu nahi izan. Baina azpimarratzekoa da elkartera hurreratu berri diren kide batzuren lanak ikusteko aukera izango dela erakusketa honetan”.

Erakusketan parte hartu duten argazkilariek askatasuna izan dute nahi duten moduko irudiak ateratzeko, gai jakinik izan gabe. “Erakusketa kolektibo honetarako gaia librea da. Urte batean, Aita Mariren urteurrena zela eta, orduan gaia itxitakoa izan zen, baina bestela librea izaten da, eta norberak erabakitzen du zer atera”, argitu du Lopezek.

Urteekin eta denborarekin pilatutako esperientziarekin, erakusketara eramaten diren lanak anitzagoak direla uste du Lopezek, bai teknika aldetik bai gai aldetik ere. “Lehen Itzurungo labarretako eta gaueko argazki asko egoten ziren. Orain ere badaude hondartzako irudiak, baina desberdinak dira, beste elementu batzuk dituzte. Aparte, paisaiak daude, ur azpian makroarekin ateratako argazkiak, egiten ditugun irteeretan ateratakoak, ikastaro batean parte hartzerakoan atetarako irudi bat, baita estudioan ateratako erretratuak ere”, nabarmentzen du elkarteko presidenteak. Alde horretatik, pozik dagoela gaineratu du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide