Azaroaren 8an eman zuen berria Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Espazio berri bat zabaldu zuten Eroskik duela 20 urte denda zuen tokian, Aita Mariko 16. zenbakian. Hainbat astetako negoziaketaren ondoren, Etxape Zentro Sozialista "egonkortzea" lortu duela adierazi du ohar bidez nahiz sare sozialetan zabaldutako bideo batean:
🔴 Lortu dugu Zumaian Etxape Zentro Sozialista egonkortzea.
— Kontseilu Sozialista Urola Kosta (@Kontseilua_UrKo) December 15, 2022
Proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea lortu dugu. pic.twitter.com/45znD3WKjy
Azaldu dute espazioren erabilera Kontseilu Sozialistaren esku geratu dela Zentro Sozialista bat martxan jartzeko, eta baita usurpazioa egotzita Eroskik jarritako salaketa kentzea ere, "hari lotutako kasu errepresiboak eta poliziaren presentzia itogarria saihestuz".
Hala, "langileriaren antolakuntza independentea" bultzatzeko espazio berri bat irekitzea lortu dutela egin du azpimarra Kontseilu Sozialistak. Edonola ere, antolakuntzaren beharra nabarmendu dute: "Badakigu Zentro Sozialistaren egonkortasuna antolakuntzaren bidez baino ez dela bermatuko".
Autodefentsa antolatzen
Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren ustez, "etengabe" ari dira erasotzen langileen bizi baldintzak eta eskubide politikoak, eta horren aurrean, langileen autodefentsa propioa indartzea baizik ez da soluzioa.
Datozen asteetan Etxape Zentro Sozialista egonkortzeko lanetan jardungo dute, eta bertan abiatuko dituzten proiektuak iragarriko dituzte.