Beharra duten haurrentzako jostailu bilketa abiatu dute Zumaiako Herri Eskolako ikasle batzuek

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 15a

Argazkia: Karkara

Gabonetako jostailu bilketa abiatu du Zumaiako Herri Eskolako ikasle talde batek. Biltzen diren jostailuak, panpinak edota DVDak beharrean dauden haurren artean banatuko dira. 

Jostailuak eta bestelako opariak ekarriko dizkie Olentzerok Gabon hauetan herriko haur askori. Izango dira, baina, arrazoi batengatik edo bestearengatik aurten oparirik jasoko ez duten haurrak. Hori dela eta, beharrean dauden haur horiek ere Olentzeroren bisita izan dezaten, jostailuak, DVDak, panpinak eta bestelako jolasak bilduko dituzte Zumaiako Herri Eskolan.

DBH 3 DC-ko ikasleek abiatu dute jostailu bilketa hau, eta herritar orori deialdian parte hartzera gonbidatzen diete. Jostailuak, mahai jolasak, panpinak, kotxe txikiak, DVDak, etab. eman ahal izango dira. Bilketa abenduaren 21era bitartean egingo da, eta Sagarbide eraikineko sarreran utzi ahal izango dira. 

"Bildutako jolasak beharra duten haurren artean banatuko dira haiek ere Olentzeroren bisita izan dezaten", azaldu dute kanpainako sustatzaileek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide