Irakurtzearen onurak nabarmendu eta zumaiarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko xedearekin, bi liburu aurkezpen eta bi ipuin kontaketa antolatu ditu udalak Gabonen bueltan, Durangoko Azoka pasa berritan.
Bihar, astelehena, izango da lehena: Sauna on! liburua aurkeztuko du Joseba Ossak, 19:00etan Oxford aretoan. Ossak sauna finlandiarraren kultura eraman nahi izan du liburura, Artaza Urederra kanpinean jarri zuten sauna publikoak hamar urte bete dituela aitzakia hartuta.
Ipuinak jo eta musika kantatu saioa eskainiko du, bestalde, asteartean Badut taldeak. Haur liburutegian izango da saioa, eta 4-8 urte arteko haurrei zuzenduta dago.
Asteazkenean, berriz, Anari Alberdi Santestebanek ondu berri duen Gari eta goroldiozko nobelari buruzko solasaldia izango da egilearekin, liburutegiko azken pisuan. Alex Gurrutxagak gidatuko du elkarrizketa.
Azken ekitaldia abenduaren 29an izango da, ostegunarekin, eta Argi ibili ipuin kontaketa eskainiko die Ixabel Agirresarobek 6 eta 10 urte arteko haurrei. Kontaketa 17:30ean hasiko da, haur liburutegian.
Egitaraua Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira lelo hartuta aurkeztu du Zumaiako Udalak. Liburuaren Nazioarteko Egunean erabili zen lehenbizikoz, eta Stefan Bollmannen liburu bati egiten dio erreferentzia. !Irakurtzen duten herritarrak pentsatzen duten herritarrak" izanik, irakurzaletasuna sustatzearen garrantzia nabarmendu du udalak.