Gernikako Arbolaren sustraiak Zumaiara itzuli dira

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 17a

Euskal Herriko ikur esanguratsuenetakoa den haritzaren kimua landatu dute eguerdian Gernikako parkean. Iñaki Ostolaza alkatea eta Ana Otadui Bizkaiako Batzar Nagusietako lehendakaria izan dira lehen lur palakadak bota dituztenak.

Ekitaldi berezia hartu gaur eguerdian Gernikako parkeak; izan ere, Gernikako Arbolaren kimua landatu dute. Duela 30 urte, 1992an, ere landatu zuten beste bat, baina gaitz batek jota hil egin zen. Gauzak horrela, Zumaiako Udalak eskaera egin zien Bizkaiko Batzar Nagusiei, zuhaitza zaintzeko eta munduan zabaltzeko ardura duen erakundeak, herrian Gernikako Arbolaren beste oindordeko bat izateko. Erakundeak eskaera onartu eta hiru metroko altuera duen zortzi urteko haritz txiki bat landatu dute.

Lur palakadak botatzen hasi aurretik Iñaki Ostolaza alkateak hartu du hitza eta azaldu du kimua landatzeko Gernikako parkea hautatu izana ez dela nolanahikoa: "1987an hartu zuen parke honek Gernika izena, bonbardaketaren 50. urteurrenean. Bost urte geroago Gernikako Arbolaren oinordekoa ekarri zuten herrira, Moilaberrin landatu zuten, baina bertara iristen zen ur gaziak gaixotu egin zuen. Zumaiak eta parkeak ikurrari eustea merezi zuelakoan arduradunei eskatu genien beste kimu bat ekartzea". Horrekin batera, Gernikako Arbolaren sinbologia ere nabarmendu du: "Euskaldunon lege zahar eta tresna propioen sinboloa da. Galdutako burujabetza hura berreskuratzeko nahiak bizirik dirau oraindik ere. Arbola euskaldunon eskubideen sinboloa bada eta Gernika bakearena, harizpeak elkarrizketa sinbolizatzen du. Antzina harizpean elkartzen ziren euskaldunak elkarrizketaren bidez erabakiak hartzeko, eta gaur egun ere behar-beharrezkoa dugu bai Euskal Herrian, baita Munduan ere. Espero dugu kimu berri honek lagundu diezagula bake giroan herri modura aurrera egiten".

 

Ildo beretik, Ana Otadui Bizkaiako Batzar Nagusietako lehendakariak ere Gernikako Arbolaren sinbologian jarri du azpimarra: "Euskaldun guztion ikurrik unibertsalena da. Gure eskubide, adkatasunen eta bake nahiaren ikur kuttuna". Halaber, gobernatzeko euskal ereduak nazioartean izan duen ohiartzuna ere goraipatu du Otaduik: "John Adamsek, Ipar Amerikako Estatu Batuen fundatzaile eta bigarren presidentea izan zenak, aintzat hartu zuen gure demokrazia eredua. Europara bidaia egin zuen bertako demokraziak aztertzeko eta Euskal Herrian izan zenean, gure sistema demokratikoa deigarri egin zitzaion. Horrek eragina izan zuen Amerikako sisteman".

Hitzaldiak amaitutatakoan ekin diote agintariek landaketari Beheko plazako jubilatuen abesbatzak Gernikako Arbola abestu bitartean. Jarraian, aurreskua dantzatu dute herriko bi dantzarik, eta ekitaldia ixteko landatutako kimua benetako Gernikako Arbolaren oinordekoa dela ziurtatzeko agiria eman dio Bizkaiako Batzar Nagusietako lehendakariak Zumaiako alkateari. Amaitzeko, azken honek, Ostolaza alkateak, lur palakadak botatzeko gonbitea egin die bertaratuei eurek ere lanadaketan parte hartzeko.

Zehaztu behar da, era berean, gaurko landaketarekin eman diotela hasiera sasoi berriko landaketa kanpainari. Zumaiakoa lehen landaketa izan da, beraz. Zentzu horretan, Otaduik azaldu du neguan egin ohi dituztela landaketak hilabeteotan landareak geldialdi biologikoan sartzen direlako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide