"Ez gara arriskuan egon, baina sustoa handia izan da"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 17a

Paula Martin eta Andoni Martikorena Peruko Cusco hirian. (Utzitakoa)

Andoni Martikorena, Malen Aizpuru eta Paula Martin zumaiarrak Perun ziren krisi politikoa lehertu zenean, protestek ere estu hartu dituzte, baina hirurek dagoeneko lortu dute herrialdea uztea.

Peruko protestek bete-betean harrapatu dituzte Andoni Martikorena (Zumaia, 2000), Malen Aizpuru (Zumaia 2002) eta Paula Martin (Zumaia 2001). Latinoamerikan egiten ari dira erasmusa hirurak eta abenduko lehen astean Perun lehertu zen krisi politikoak bertan harrapatu zituen. Martikorenak eta Aizpuruk gaur bertan lortu du herrialdetik irtetea, atzo gauean hartu zuten hegazkina Cuscotik Limara, eta goizaldean iritsi da Antofagastara (Txile). "Lasaitua" hartu dutela aitortu du Andoni Martikorenak; izan ere, beldurra sentitu dute, nahiz eta sekula ez diren arriskuan egon.

Behin Txilera iritsita, Martikorenak hainbat audio mezu biali dizkio Baleikeri bizitakoa azaltzeko: "Abenduaren 6an iritsi ginen Perura eta berehala sumatu genuen zerbait arraroa bazela, bertakoak mugikorrari begira ikusten baikenituen etengabe. Gerora jakingenuen Pedro Castillo presidenteak salbuespen egoera ezarri zuela herrialdean". Testuinguru horretan Castillori estatu kolpe saiakera leporatuta atxilotzeko agindua eman zuen kongresuak eta ordura arteko presideteordea, Dina Boluarte jabetu zen presidente karguaz. Horrek egoera zertxobait baretu zuen hasiera batean, baina gerora manifestazioak lehertu ziren. "Presidente berriak esan ondoren hauteskundeak 2024an egingo zirela kalera atera ziren herritarrak hauteskundeak aurreratu nahi dituztelako. Hala militarrekin istiluak izan dituzte eta hildakoak ere izan dira. Protestetan, errepideak moztu dituzte manifestariak eta aireportuetara ere iritsi dira. Arequipa hirikoa hartu zuten, esaterako, eta Cuscon ere egin zuten ahalegina" zehaztu du Martikorenak.

Bera, Aizpuru eta beste bost lagun Cuscon ziren, hain justu ere, eta aireportua gauerdian zabalduko zutela jakinarazi zutenez, hamaiketarako bertan egotea erabaki zuten eta arazorik gabe hartu zuten Limarako hegazkina. Edonola ere, gazte zumaiarra kritiko mintzatu da Espainiako kontsulatuarekin: "Ez digute laguntzarik eman, gu geu konpontzeko esan digute beti. Kontrara, oso eskertuta gaude Zumaiako BQD bidaia agentziako langilea den  Josebarekin, batarekin eta bestearekin jarri da harremanetan eta berak lortu zigun hegaldia atzo bertan".

Andoni Martikorena eta Malen Aizpuru Machu Picchun. (Utzitakoa)

Zumiarrek erasmusa hasi zutenetik herrialde ugari bisitatu dituzte, eta Perun bizitakoa berehalakoan ahaztuko ez badute ere bidaiatzen jarraitzeko asmoa dute. Martikorena eta Aizpuru batera ari dira Latinoamerika zeharkatzen, biak Montevideon (Uruguai) ikasten dute, ingeniaritza elektrikoa lehenengoak eta haur hezkuntza bigarrenak. Martin, berriz, Txilen ari da erizaintza ikasten eta ospitalean praktikak egiten. Bera ere beste bien antzera dabil: herrialdez herrialde. Peruko krisiak ere bertan harrapatu zuen Martin eta Martikorenarekin elkartzeko aukera izan zuen Cuscon, gainera. Hori bai, lehenago alde egin zuen erizaintza ikasleak, egoera hain "kaskar" ez zegoenean bere esanetan.

Dena den, berak ere sentitu du ikara Perun izan den artean: "Liman izan ginenean zonalde seguruan geunden arren, nahiago izan genuen etxean geratu, erosketak egitera baino ez ginen ateratzen". Ostegunetik Txilen dagoenetik lasaiago dagoen arren, oraindik gertutik jarraitzen ditu Peruko gorabeherak Martinek: "Nire hiru ikaskidek bertan jarraitzen dute eta badugu kezka. Hala ere, astelehenean dute hegaldia Cuscotik eta uste dugu ez dutela itzultzeko arazorik izango".

Asier Basurko 'Motxa' ere Perun

Hiru ikasleak ez dira egunotan Perun izan diren zumaiar bakarrak, are gehiago, Asier Basurko Motxak bertan jarraitzen du, Machu Picchun. Martikorenak eta Aizpuruk egun bat igaro zuten harekin eta Baleikeri jakinarazi diotenez, hilaren 20an du itzulerako hegaldia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide