Uxategiako eta Ubillos etxeko entsegu lokalak erabiltzeko eskaera eguneratu behar dute taldeek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abenduaren 18a

Uxategia eraikina.

Dagoeneko lokalak erabiltzen dituzten musika taldeek ere berritu behar dute eskera.

Herriko musika taldeek entseatzeko zortzi areto ditu Udalak: bost Uxategia eraikinean eta hiru Ubillos Musika Etxearen atzean.  Dardara Musika Kolektiboarekin sinatuta duen hitzarmenaren bitartez kudeatzen du lokal horien erabilera, eta musika taldeek urtero berritu behar izaten dute lagapena. Hala, udalak jakinarazi du bihartik hilaren 30era bitartean aurkeztuko beharko dituztela musika taldeek datorren urterako eskaerak. Horretarako honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte kultur etxean: izen-emate orria, lokalean egongo den materialaren inbentarioa (argazkiekin) eta horren balioa, urteko kuota ordaindu izanaren agiria eta, eskaera berrien kasuan, taldekideen nortasun agiriaren fotokopia.

Ordainketa Dardara Musika Kolektiboaren kontu zenbakian egin behar da: 2095 5174 95 10 74 75 1768 zenbakian. Ordainketa egiterakoan pertsonaren izena eta taldearena zehaztu behar dira. Kuotaren prezioa, berriz, aldatu egiten da egoeraren arabera. Dardarako kide aktiboek Uxategian urteko 50 euroko kuota ordaindu beharko dute, eta Ubillosen, aseguruarekin 25 eurokoa eta asegururik gabe 10 eurokoa. Dardarako kide ez aktiboek, berriz, Uxategian 150 euro ordaindu beharko dute, eta Ubillosen 50 euro aseguruarekin eta 20 euro asegururik gabe.

Kide aktibo bezala izena eman eta bileretara azaltzen ez direnak eta ekintzetan laguntzen ez dutenak, automatikoki kide ez aktibo izatera pasako dira, eta kuota diferentzia ordaindu beharko dute: 100 euro Uxategiako erabiltzaileek eta 25 edo 10 euro Ubillosekoek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide