Leire Esnal kirolari zumaiarra eta Eneko Sagarmendi mutrikuarra pala egokituko Espainiako txapeldun izendatu zituzten atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako finala irabazi ondoren. 25-10 hartu zituzten mendean aurkari izan zituzten Zarautz Kirol Elkarteko Mikel Vega eta Joseba Altuna pilotariak.
Hala, Sagarmendik iaz irabazitako txapelari eutsi dio, Esnalekin bikotea osatuta oraingoan. Mutrikuarra izan zen, hain justu, finalean maila handiena erakutsi zuen pilotaria eta ez zien garaipenera gerturatzeko zirrikiturik txikiena ere utzi ZKEko bikoteari.
Gurpildun aulkikoen kategoriako finala ere jokatu zen atzo eta lehiatuagoa izan zen norgehiagoka; izan ere, 10-9, 4-10, eta 5-1 nagusitu ziren Gaizka Fernandez eta Beñat Lizaso, Joseba Lasa eta Edorta de Antaren aurka.