Ikusmina sortu du Joseba Ossaren 'Sauna on!' liburuaren aurkezpenak

Mireia Galarza Bastida 2022ko abenduaren 20a

Oxford aretoan izan zen atzo aurkezpena, 19:00etan hasita, eta udalak irakurzaletasuna bultzatzeko antolatu dituen saioetan lehenengoa izan zen. Liburuak Euskal Herriko saunazaleen istorioak biltzea izan du helburu, hainbat kapituluren bitartez.

Dozena bat pasa herritarren aurrean, Joseba Ossa zumaiarrak Sauna on! liburua aurkeztu du Zumaian. Oxford aretoan izan zen atzo aurkezpena, 19:00etan hasita, eta udalak irakurzaletasuna bultzatzeko antolatu dituen saioetan lehenengoa izan zen atzokoa. Oxford aretoan izan ziren Ossaz gain liburuaren beste egileak ere: Kristina Berasain kazetari nafarra eta Juan Luis Blanco tipografia egilea. Elena Rodriguezek ere parte hartu du liburuan, baina ezin izan zuen aurkezpenean egon. Hain zuzen, liburuak Euskal Herriko saunazaleen istorioak biltzea izan du helburu, hainbat kapituluren bitartez.

Izan ere, Ossaren hitzetan, saunarena "gai marjinala" izan da euskal eremuetan, interes "gutxi" piztu duena betidanik. Finlandian kontrakoa gertatzen dela adierazi zuen zumaiarrak, eta Europa iparraldeko herrialdean kulturaren "zati garrantzitsu" bat dela. Garrantzia hori erakusteko liburuaren egileak UNESCOren bideo bat jarri zuen Finlandiako saunen kulturari buruz, eta gehitu zuen: "UNESCOk ondare inmaterial moduan izendatu zituen saunak Finlandian. Pentsatzen jarrita, badu antzekotasun bat hemengo bertsolaritzarekin. Izan ere, ohitura zaharrak dira biak, gero indarra galdu zutenak, belaunaldi gazteenekin batera berriro indarberritzeko".

Ossak liburuaren abiapuntua ere azaldu zuen. Finlandian bizitakoa izanik, emaztearekin Euskal Herrira itzultzean, elementu hori "faltan botatzen" zutela adierazi zuen. Orduan, Arroako etxean jarri zuten beraien sauna. "Ikusmina" sortu zuela jabetuta, Ossak adierazi zuen "polita" izan zitekeela sauna publiko bat egitea, eta handik denbora batera ezagutu omen zuen Artatzako kanpina. "Bertan sauna jarri genuela 1o urte igaro direnean, liburu bat idazteko momentu aproposa iruditu zitzaidan", gehitu zuen zumaiarrak. 

Liburuaren hurrenkera ere azaldu zuen: "Lehenik hitzaurre bat du, ondoren saunaren kulturan kokatzeko sarrera bat, jarraian saunazaleen kapituluak daude, eta amaitzeko nire poema batzuk". Ossak azaldu zuenez, hasieran liburu "literario eta poetikoagoa" egitea zen asmoa, baina ondoren kazetaritza kutsua ematea erabaki zuten. "Kristina Berasain kazetariak asko lagundu du forma hori ematen, eta baita ordena mantentzen!", azaldu zuen Ossak barre artean. 

Berasain, bere aldetik, "eskertuta" azaldu zen Ossarekin liburuan parte hartzen utzi diolako. Azaldu zuenez, bere "lehen aldia" izan da horrelako proiektu batean, eta hasieran gaia "arrotza" egin bazitzaion ere, gero "asko disfrutatu" zuela aitortu zuen.

Juan Luis Blanco zumaiarrak ere azaldu zuen "pozarren" onartu zuela liburuan parte hartzeko gonbidapena eta azaldu zuen: "Banuen euskal grafian oinarritutako tipografia mota bat, liburu honetarako aproposa. Finlandia txertatzeko, pixka bat estilo eskandinaviarra txertatu nien, eta horrela sortu nuen tipografia". Diseinuaz ere bera arduratu da; ilustrazioak, berriz, Elena Rodriguezek egin ditu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide