Gabonetako abestien lehiaketako oinarrien berri eman dute

Maria Maya Manterola 2022ko abenduaren 20a

Artxiboko irudian, Gabonetako abestien lehiaketako irudia. (Baleike)

Beste urte batez, abesti lehiaketa antolatu du Erkibe kultur taldeak abenduaren 24rako. Beheko plazan elkartuko dira parte hartzaileak, eta 18:00etatik aurrera ariko dira kantuan.

Erkibe elkarteak antolatuta, Gabonetako abestien lehiaketa izango da beste urte batez abenduaren 24an Eusebio Gurrutxaga plazan. Dagoeneko eman dute lehiaketaren oinarrien berri: parte hartzen duten taldeek lau pertsonaz osaturik egon beharko dute gutxienez, eta baserritarrez janzteaz gain, jaiotza eraman beharko dute.

Talde bakoitzak bi kantu abestu beharko ditu. Antolatzaileek hautatutakoa, bata; eta beraiek aukeratutakoa, bestea. Zehaztu dutenez, Etxetxo txiki honetan da nahitaez abestu beharko dutena.

Abestien mailan, hiru sari banatuko dituzte: 70 euro lehenengoari, 40 euro bigarrenari eta 30 hirugarrenari. Jaiotzen mailan, 40 euro jasoko ditu lehen sailkatuak, 25 bigarrenak eta 20 hirugarrenak. Abestien mailan saririk jasotzen ez duten taldeek 15 euroko ordainsaria jasoko dute, eta jantzien eta Jaiotzen mailan, aldiz, 10 euro jasoko dituzte.

Izena emateko, Zumaiako Batzokira jo beharko dute interesdunek, eta bertan topatuko duten zerrendan inskribatu. Abenduaren 24ko 16:00ak bitarte izango da horretarako aukera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide