Kostatutako garaipena erdietsi dute Beaskoetxeak eta Lopezek

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 20a

Imanol Lopez atzoko partidan. (Andoni Iparragirre-GUK JAI ALAI)

Partida lehiatu eta gogorra eskaini zuten Beaskoetxea-Lopez eta Johan-Del Rio bikoteek Winter Series txapelketaren barruan atzo Gernikan jokatutako partidan.

Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako jardunaldia jokatu zen atzo sekulako sarrera izan zuen Gernikako frontoian. Beaskoetxea-Lopez eta Johan-Del Rio bikoteak neurtu ziren hurrengo finalerdietarako txartela lortu nahian. Partida gogorra izan zen, berdindua, lehiatua, eta amaieran beteranoak gazteei nagusitu zitzaien. 

Lehen seta Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek irabazi zuten 15-10 emaitzarekin. Bigarrenean, ordea, Johan eta Del Rio nagusitu ziren 9-15 emaitzarekin. Hirugarren setean, set laburrean, erabakiko zen garaipena, eta gazteak, Johan eta Del Rio, sorpresa emateko hurbil izan baziren ere (2-4 egon ziren aurretik), beteranoek, Beaskoetxeak eta Lopezek, azken hiru tantoak jarraian egin zituzten eta 5-4 emaitzarekin irabazi zuten seta. Partida, berriz, 2-1 emaitzarekin amaitu zen bizkaitarraren eta zumaiarraren alde. 

B multzoko sailkapeneko lider dira Beaskoetxea eta Lopez, 7 punturekin. Johan-Del Rio eta Iñaki Osa Goikoetxea-Etcheto bikoteak lau puntutara daude berdinduta. Bi bikoteak neurtuko dira multzoko hurrengo neurketan, eta Johanek eta Del Riok 2-0 emaitzarekin irabazi beharko lukete neurketa hau hurrengo fasera pasatzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide