Zer moduz final handiaren ondorena?
Ondo. Uste baino errazago irabazi genuen finala. Lehiatuagoa izango zela uste genuen, baina atzelariak hasieran akats batzuk egin zituen finaleko tentsioa tarteko.
Hilaren 7an pilota egokitua sustatzeko topaketa izan genuen Labriten bertan, eta han ere Xabier [Altuna, oriotarra] aurkariak esan zigun oso urduri jartzen dela halakoetan. Mikel Vega oreretarrarekin aritu zen; haren lehen txapelketa ofiziala izan da.
Lehendik aritua zara Eneko Sagarmendirekin. Hori abantaila bat izango da, ala?
Bai. 2016an Gipuzkoako txapela harekin irabazi nuen. Hori bai izan zela sorpresa. Ez ginen inondik ezagutzen: ni Zarautzera joaten nintzen entrenatzera; hura, gurpildun aulkikoekin, adimen urritasuna zuen bakarra zelako.
Ni jokorako bikoterik gabe geratu nintzen, eta hura bakarrik zegoela eta elkartu ginen. Zarautzek indar handia zeukan, eta sorpresa izan zen gure garaipena. Orain Enekok berak entrenatzen ditu gazteagoak.
Zer suposatzen du zuretzat sari hau irabazteak?
Gehien bat gure kirolari ikusgarritasuna ematea. Poza eman dit. Hala ere, gu geurea egitera joan ginen.
Ea emakumezko gehiago ere animatzen diren. Aurten topaketa bat egin dugu Oreretan, eta aurten propio beste bat antolatuko dute emakumezkoena. Nik beti gauza bera esaten diet federaziokoei-eta: gizonezkoekin gustura aritzen naiz, baina beraiek indar gehiago dute. Nik teknika gehiago menperatzen dut.
Palmares ederra pilatu duzu azken urteotan, Espainia mailako lehen titulua eskuratu duzu orain.
Bai. Txapeldunorde izan nintzen iaz Jurdan Arakistain zestoarrarekin. Aurtengoan izena eman nuen eta Enekorekin tokatu zitzaidan. Haren amak mezu bat bidali zidan esanaz jai hartzeko hilaren 11n Labriten ematekoa zen prentsaurrekorako, eta nire kolkorako esan nuen “ño, espektatiba altuak ditu honek”. Kanporaketa jokatu aurretik finalean kokatzen gintuen.
Egia da txapelketako bikote indartsuena gu garela, baina indartsu datoz gazteak ere. Baina horiek urduri jartzen dira. Entrenatzaileak ere sarritan esaten du aldea dagoela entrenamentuen eta lehiaketen artean. Azken finean, praka zuriak jantzi eta Eibarko Astelena bezalako pilotalekuetan jokatzera ez gaude ohituta.
Zer asmo duzu datozen hilabeteetarako?
Urtarrilaren 14an Gipuzkoako banakakoa hasiko da, Idiazabalen. Udaberriaren bukaera aldera izango da finala, esan digutenez, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apirila edo maiatza aldean, berriz, Master Cup hasiko da.
Zumaian bertan entrenatzen duzu, ezta?
Entrenatzera Oreretara joateko esaten didate. Gustora joango nintzateke, jende ona dagoelako han, baina denbora eta gastu handia da.
Zumaian larunbat goizetan elkartzen gara, 11:00etatik 12:00ak bitarte. Pello Carballok eta Beñat Lizeagak entrenatzen gaituzte. Asteburutan, ordea, partiduak izaten dira sarritan, eta nik neuk ere futbola ere bai. Lehenago bukatu behar izaten dugu halakoetan. Gainerakoek astean behin egiten dute, baina gutxienez ordu eta erdi. Ea guk ere datorren urtean ostiral arratsaldeetan edo ordu eta erdiz entrenatu dezakegun.
Hasieran sei edo ginen, eta orain hamar, herrikoak nahiz inguruko herrietakoak. Esaten dute klub gutxiago izan gaitezkeela eta bat egin. Ez dago gaizki, baina entrenamentuak motzak badira eta jende askorekin, zaila da behar bezala aprobetxatzea.
Mailak ere ezberdinak dira, eta entrenatzaile bakarrarekin zaila da. Denei egin behar zaie kasu, eta beraientzat ere ez da erraza.
Eta pilota gutxi balitz, futbolean ere bai.
Bai. Realean jarraitzen dut. Azaroan Tarragonara joan ginen ekipoko onentsuenak. Partidu gogorrak izan genituen. Hurrengoa Bilbon tokatzen zaigu, Lezaman, martxoaren bukaera aldera.
Genuine ligan hiru multzotan banatzen gaituzte, eta erdikoan gaude gu, bigarrengoan.
Pilotalekua edo futbol zelaia nahiago?
Hori bai galdera zaila erantzuteko. Bakoitzak dauzka bere gauza onak eta txarrak. Gaur egun pala pilotalekua esango nuke, hemen bertan daukadalako, erosotasunagatik. Futbolean adibidez, asteazkenetan bidean lau ordu galtzen ditut. Eta batzutan igandetan ere oso goiz jaiki behar izaten dut, atseden hartu dezakedan egun bakarrean. Baina gustatu egiten zaigu, eta…
Amak esaten zidan ondo portatzen baintzen ez nindutela berehalakoan bidaliko niri Realetik.