Bizkaiko trontza txapelketa irabazi du Andoni Zubiaurre zumaiarrak

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 22a

Agirre eta Zubiaurre, irabazleen txapelak jantzita.

Bilbon jokatu zen atzo gizonezkoen Bizkaiko I. mailako trontza txapelketa, eta Andoni Zubiaurre Zumaiako bizilaguna izan zen irabazlea Mikel Agirrerekin bikotea osatuta. 

Bilboko Areatzako ibiltokiak hartu zuen atzo gizonezkoen Bizkaiko I. mailako trontza txapelketa. Lau bikote aritu ziren lehian, eta horien artean ziren Mikel Agirre ondarrutarrak eta Andoni Zubiaurre zumaiarrak osatutakoa. Parte hartu bakarrik ez, beraiek izan ziren lana burutzen azkarrenak eta, ondorioz, irabazlearen txapela jantzi zuten.

Mutrikun jaioa, Zumaian bizi da Gorixo izengoitiz ezaguna den Andoni Zubiaurre. Bizitza osoan herri kiroletan aritua, arraunean ere aritu zen Zumaiako Arraun Elkartean; bost urtez egin zuen arraunean Zumaiako ontzietan.

Gipuzkoarra izanda ere, Bizkaiko Herri Kirolen Federazioan egin behar izan du fitxa, "Gipuzkoa mailan txapelketarik egiten ez delako. Azken zortzi bat urteetan ez, behintzat", azaldu du Zubiaurrek. Bizkaiko federazioan osatu zuen fitxa eta, ondorioz, lurralde horretako txapelketetan parte hartu dezake. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide