Kalejiran aterako da Gabon Korua larunbat arratsaldean

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 23a

Gabon Korua iazko kalejiran. (Juan Luis Romatet)

Gabon Gau arratsaldeko garaiko abestiekin girotuko du aurten ere Gabon Koruak.

Zumaian ez dago Gabonik Gabon Koruaren kalejirarik gabe. Abenduaren 24an, Gabon Gau arratsaldean aterako da abesbatza herriko kaleak garai honetako abestiekin girotzera. 

Iaz izandako arrakastaz ohartuta, Amaia Aldalurrek zuzenduko duen abesbatzak San Pedro Parrokian egingo den kontzertu batekin hasiko du aurtengo kantu saioa. 17:30ean izango da eta bertan aurten abestuko dituen obra guztiak izango dira entzungai. Gabonetako abesti klasikoez osatutako errepertorioa izango da. Horiei aurten berreskuratu dituzten bi kanta gehituko zaizkie: Irten ezazu eta Aurtxoa troxatzen. Saioa San Pedro Parrokiaren Youtubeko kanalean jarraitu ahal izango da. 

Behin parrokiko saioa amaitu ondoren ekingo diote abeslariek kantu kalejirari, txistularien laguntzarekin. Otezuri parean hasiko dute kalejira 18:15ean, eta Victoriano Arrate kaletik pasatu ondoren, Beheko Plazara helduko dira 19:30ak aldera. Erribera kalean ere geldialdiak egingo dituzte kalejira Ondartxo plazan amaitzeko 20:30ak aldera.

Adinekoen egoitzera bisita ere egingo du aurten Gabon Koruak, iaz, osasun egoera zela medio, ezin izan baitzuten joan. Hala, abeslarien talde batek San Juan Egoitzara egingo du bisita emanaldia hasi aurretik. 

Behartsuen aldeko diru bilketa ere bultzatuko du aurten ere Gabon Koruak. Zumaiako Caritasen kontuetan (Kutxabankeko 2095 5174 91 1060984019 edota Laboral Kutxako 3035 0037 430370038050) egin ahal izango dira diru sarrerak. Larunbat arratsaldean bertan mahaia ere jarriko da Erribera kalean ekarpenak jasotzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide