Harrera beroa egin diete Olentzerori eta Gomezagori Zumaian

Maria Maya Manterola 2022ko abenduaren 24a

Eguerdi partean Beheko plazan elkartu da herritar andana, baserritar jantziak soinean. Olentzerorekin batera kantuan zeharkatu dute Erribera kalea, eta Arbustaingo Arranplan batu da kalejirara Gomezago ere. Arratsaldean jarraituko dute Gabonekin lotutako ekitaldiek.

Gabon gaua da gaur, eta Olentzerok ez du hutsik egin. Opariak banatu aurretik, herriko haur eta gaztetxoek bisitan izan dute ikazkina.

Zanpantzarrak buru zirela abiatu da kalejira Beheko plazatik eguerdi partean, eta atzetik jarraitu dituzte trikitilariek eta pandero jotzaileek. Erdian, gaurko protagonista, Olentzero, traktore baten gainean herritarrak agurtzen; atzetik, herritar ugari kantuan.

Erribera kalea zeharkatu, eta Arbustaingo Arranplan geldialdia egin dute. Izan ere, batel batean iritsi da Olentzeroren laguntzaile Gomezago, eta kalejirara batu da. Amaia plazaraino jarraitu dute, eta bertan, Gomezago buruhandi abestiarekin banatu dizkiete karameluak haurrei.

Arratsaldean ere Gabonekin lotutako ekitaldi ugari izango da. Gabon Korua kalejiran aterako da urtero legez, Beheko plazako jaiotzaren irekiera ekitaldia ere izango da, eta baita Gabonetako abesti lehiaketa ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide