Berriatuako Mendibarren frontoian jokatu ziren ostiral gauean bertako buruz buruko zesta punta txapelketako finalerdiak. Arratseko bigarren partidan neurtu ziren Imanol Lopez puntista zumaiarra eta Jean-Dominique Olharan Pueko pilotaria.
Partida handia izan zen, emozioz betetakoa, gogorra eta oso fisikoa. Partida hasiera nahiko hotza izan zuen Lopezek. Hortaz baliatu da Olharan lehen seta 6 eta 12 emaitzarekin irabazteko. Bigarren seta berdinduta joan zen (4-4, 5-5). 5 eta 7 atzetik ere egon zen Lopez, baina pilota bizi batekin eta sakearekin min eginda, hainbat tanto egin zituen jarraian eta 12 eta 8 emaitzarekin irabazi zuen bigarren seta.
Partida eta finalerako txartela hirugarren setean, set laburrean, erabaki zen. 3 eta 1 jarri zen aurretik Lopez, baina Olharanek zumaiarraren pilota bizia atera zuen eta hiru tanto jarraian egin zituen (3-4) eta finalera sailkatzeko tanto bakarrera jarri zen. Azken bi tantoak, ordea, Lopezek egin zituen (5-4) eta berea izan zen garaipena 2 set eta 1 emaitzarekin.
Finalean Erkiaga izango du Lopezek aurkari. Jaialdiko lehen partidan neurtu ziren Erkiaga eta Aimar neurtu ziren eta lehenak irabazi zuen lehia 2 set eta 1 emaitzarekin.
Gonzalo Agirre Gernikan
Jai Alai Winter Series txapelketako jardunaldia jokatuko da bihar, astelehena, 19:30etik aurrera Gernikako frontoian. Barandika-Lekerika eta Olharan-Basque bikoteak neurtuko dira A multzoko estelarrean.
Aurretik, baina, puntista gazteen partida izango da eta jokatuko duten lau pilotarien artean Gonzalo Agirre zumaiarra izango da. Undarekin bikotea osatuko du zumaiarrak Basterra eta Oierren aurkako lagunartekoan. Hamabi tantoko bi set jokatuko dituzte.