Olentzeroren eta Gomezagoren etorreraren ondotik, usadioari jarraituz, arratsaldean Gabon kantez bete ziren Zumaiako txokoak. Izan ere, urtero legez, Gabon Korua kalez kale aritu zen San Pedro parrokian kontzertua eman eta gero.
Erkibe kultur elkarteak antolatuta, gainera, Gabon kanten lehiaketa izan zen Beheko plazan. Jende ugari gerturatu zen haurrak abesten ikustera. Etxetxo txiki honetan abestu behar izan zuten nahitaez, eta eurek hautatutako abesti bat gero. Bertsotan egitera ere animatu ziren batzuk. Eta bitartean, Beheko plazan bertan jarri ohi duten jaiotzaren irekiera ekitaldia izan zen.