Adinekoen bizi kalitatea hobetu, eta oroimena eta parte hartze aktiboa sustatzeko asmoz, oroimen tailerra antolatu du beste urte batez udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak. Urtarriletik ekainera bitartean izango dira saioak, eta zehaztu dutenez, oroimen nahasmenik ez duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.
Hogarrean izango dira saioak, astelehen arratsaldetan, ordubetez. Lehen taldea 16:00etatik 17:00etara bilduko da, eta bigarren taldea sortuko balitz, 17:10etik aurrera hasiko litzateke saioa. Urtarrilaren 19tik ekainaren 19ra bitartean bilduko dira.
Lehenbizikoz 2018ko martxoan antolatu zen tailerra, eta programarekin jarraitzea erabaki zuen udalak, parte hartzaileen "balorazio oso onak" jaso ondoren. Horrez gain, udalak adinekoen autonomia sustatu eta mendekotasun egoerak prebenitzeko helburuari begira, programa gehiago eskaintzen jarraitzeko asmoa agertu du.
Izen-ematea, urtarrilaren 4ra arte
Dagoeneko eman daiteke izena, eta horretarako, 21 euroko ordainketa egin beharko da honako kontu korrontean: Kutxabank 2095 5174 90 1060024873. Izen-ematearen hurrenkeraren arabera osatuko dira taldeak.