[INUZENTE EGUNEKO ALBISTEA] Maisu frantziar baten margoa aurkitu dute Komentuko koadro batean ezkutatuta

Erredakzioa 2022ko abenduaren 28a

Gordailuko adituek egin dute aurkikuntza Urquinaonako Santa Agustinaren koadroa X izpietatik pasatu ondoren. Usteak betetzen badira, Deschamps-Dugarry artistaren margo bat izan daiteke Komentuko koadroan ezkutatuta dagoena.

San Jose Komentua Kulturgune bihurtzeko lanak hasi aurretik, urriaren amaieran, eraikinean gordetzen ziren zenbait koadro eta eskultura Gipuzkoako Foru Aldundiak Irunen duen Gordailua zentrora eraman zituen Zumaiako Udalak, beharrezkoa izanez gero, berriztatu eta artelan horiei itxura berria emateko. Mezquidaren Jesukristoren eskultura, haritzazko kutxa bat edota Diego de Moncadak margotutako Urquinaonako Santa Agustinaren koadroa izan dira Irunera eramandako lanetako batzuk. Obra guzti hauek X izpietatik pasatu zituzten, protokoloa jarraituta. Santa Agustinaren koadroarekin “sorpresa” izan zuten teknikariak, margoaren atzealdean beste irudi bat suma zitekeelako.

“Koadroak X izpietatik pasatzea errutinazko lana izan ohi da”, adierazi dio Baleikeri Garbiñe Mendiondok, Gordailuko zaharberritzaileen buruak. “Ikusi genuen Santa Agustinaren figuraren atzean beste margo bat zegoela. Arraroa izan daiteke, baina ez hainbeste ere. Askotan, artistek mihize bera erabiltzen dutelako koadroak egiteko. Pentsatu genuen Moncadak hori egin zuela Komentuko koadro honekinn ere”. Kasu hauetarako Gordailuan duen protokoloa jarraituta, protoien makina batean sartu zuten Santa Agustinaren koadroa, eta hor “ezusteko itzela” izan zutela baieztatu du Mendiondok. “Erretratu bat zirudien irudia agertu zen, baita sinadura bat ere: Charles-Armand Deschamps-Dugarry”, azpimarratu du zerbitzuburuak.

Sinadura ikusi bezain pronto Deschamps-Dugarryren aditu nagusiena den Timothy Spencer-Hill britainiarrarekin jarri ziren Gordailuko arduradunak harremanetan. “Deschamps-Dugarryri buruzko ikerketa bat egin zuen Stanfordeko Unibertsitarerako, eta haren inguruko erakusketak ere komisariatu ditu Spencer-Hillek” baieztatu dute. Oraindik britainiarraren erantzunik jaso ez dutela diote Irungo zentroko arduradunek, baina esperantza ez dute galtzen. “Atzean dagoen margoa orijinala dela ziurtatzen bada, Zumaiako Udalak erabaki beharko du zer egin koadroarekin”, adierazi du Mendiondok.

François Tussauden erretratua, Deschamps-Dugarryren obra ezagunenetakoa. (Lyongo Arte Ederren Museoa)
 

XIX. mendeko margolari frantziar garrantzitsuenetakoa izan zen Deschamps-Dugarry, nahiz eta herritarren artean ez izan hain ezaguna. Funéseko arte eskolako sortzaile eta zuzendaria, Pauetik hurbil dagoen Olharan herrian jaio zen 1826an. Bordeleko lizeoan egin zituen ikasketak, eta han hasi zen lehen margoak pintatzen. Bordelen, baina, bere lanak ez zuten harrera ona izan eta Funés herrira joan zen bizitzera. Han sortu zuen arte eskolan ikasi zuten, besteak beste, Jean de Périgueux, Didier Brive-la-Gaillarde edo Jules Dassin artista ezagunek. Pariseko Montmartren egiten ziren tertulietan ohikoa izan zen Zola, Dumas edo Chabrolekin batera, baina bizi izan zen urteetan bere lanak ez zuen sona handirik izan. Pobrezian hil zen Parisen, 1882an. XX. mendean bere lana errekonozimendua jasotzen hasi zen eta gaur egun Pariseko Louvren, Londreseko National Galleryn edo Istanbuleko Topkapin ikus daitezke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide