Iragarri zuten bezala, 21. edizioarekin eman diote amaiera Klarinete Maratoiari. Sapere Aude Sinfoniettak azken edizio honen balorazio "oso positiboa" egin du, eta horren erakusle diren datuak ere eman ditu. Izan ere, aurtengoan 80 izen-emate baino gehiago izan diren ikasleek parte hartu dute, horiei gehitu behar zaizkie irakasleen eta senideen babesa.
"Nabarmentzekoa da edizio guzti hauetan Klarinete Maratoiatik pasatako partaide batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Bartzelonako, Madrileko eta Herbehereetako eta Austriako Kontserbatorio Profesional eta Gorenetan musika ikasketekin jarraitu dutela. Klarinete Maratoiko partaideak ere, Orkestra Gazteetan sartu dira eta ikastetxeen arteko lehiaketetan saritu dituzte", gaineratu dute. Maratoiaren aitzakian, gainera, "kontzertu bikainak" izan direla ere aipatu dute, baita aurtengoan ere. Izan ere, parte hartzaileez gain, publiko orokorrari zuzendutako zenbait kontzertu eskaini dituzte. Kafe musikala edota Hungarian fire!, esaterako.
Zumaiarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere gerturatu dira aurtengo emanaldietara, eta antolatzaileek aipatu dutenez, "publikoak bere esker ona adierazi die halako ekintzak antolatzeagatik".
Sapere Aude Sinfonietta elkarte antolatzailearen ustez, "hitzordu bakar eta saihestezina" bilakatu da urteen poderioz. Atzera begirada bota dute urteotan guztiotan Klarinte Maratoiak utzitako ondareaz aritzeko: "bertan sortarazi dira, esaterako, naziorteko ibilbidea duen Klarinete laukotea (Urval Ensemble) Europan eta AEBetan emanaldiekin, musikari profesionalez osatutako taldea ere sortu da eta SAS musika elkartea ere bai".
Guztira, 1.400 ikasle baino gehiago izan dira urtez urte, eta klarinete eskolez gain, erakusketez, Clarinet Clinic saioez, lutheriaz, emanaldiez nahiz lehiaketaz gozatu ahal izan dute.
Lehiaketako irabazleak, erabakita
Balorazioarekin batera eman dute laukote lehiaketako kontzertuen irabazleen berri. Hamabost laukote izan dira lehian aurtengoan, eta originaltasuna, instrumentuen erabilera nahiz agerlekuan azaldutako jarrera izan ditu aintzat epaimahaiak.
Hona hemen sarituak, mailaz maila:
- Ludoteka saria (8-12urte bitartekoak): Irurtzungo Musika Eskolako ikasleek Zumaiar batekin osatutakoa: Jare Osacar, Maider Pires, Berezi Carrascal eta Uxoa Aramberrik, R.Rodger & R. Hammersteinen Mary Poppins eskaini zuten.
- Gaztetxola saria (13-16 urte bitartekoak): Errenteria Musikaleko Ane Balerdi, Uxue Olaizola, Leire Usabiaga eta Kepa Erkiziak Astor Piazzolaren 2 Tangos eskaini zuten.
- Musika jaialdia saria (17-20 urte bitartekoak): Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko Aitor Juez, Jon Ander Aulestiarte, Xabier Sagastegi eta Maria Arriba de Rozas osatutako laukoteak, Beatriz Lockharten Estampas Criollas eskaini zuten. Irabazleen diploma eta sari ekonomikoaz gain, beste mailatan bezela, eta aipatu bezela, hauek 2023ko Zumaiako Musika Jaialdiaren irekiera kontzertua emango dute.
Hemen ikus daiteke Hungarian Fire! emanaldiak eman zuena, bideoan.
Hemen, berriz, Klarinete Maratoiko argazki sorta.