Erregeentzako gutunak jasoko dituzte bihar arratsaldean

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 3a

Iazko desfilea Erribera kalea zeharkatzen. (Juan Luis Romatet)

Errege Magoen kabalkada izango da ostegunean, hilaren 5ean. Aurretik, bezperan, gutunak jasoko dituzte, eta desfilearen egunean bertan bisitak egingo dizkiete gaixoei eta edadetuei.

Haur eta heldu askoentzako urteko egun berezienetako bat izaten da Errege Eguna, eta erruz ateratzen dira kalera egun horri lotutako ekitaldietan parte hartzera. Erregeen kabalkada ostegunean izango da, 18:30ean hasita. Aurretik, baina, Erregeentzako gutun bilketa eta gaixo eta edadetuei egiten zaien bisitak izango dira. 

Bihar, asteazkenez, 18:00etan hasita, haurren gutunak jasotzen izango dira Erregeen pajaeak Beheko plazan. Eskaera bat ere egin dute: "hotzetan umeak denbora luzez zain ez egoteko, familiei eskatzen zaie pertsona bakarra aritzea argazkiak ateratzen, argazki bakarra ateratzea eta ahalik eta arinen beti ere".

Aniztasun funtzionala duten haurrek, nahi izanez gero, aukera izango dute gutunak pajeei lehentasunez emateko. Horretarako kultura@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute.

Kabalkadaren egunean, ostegunean, bertan gaixorik dauden haurrak eta edadetuak ere bisitatuko dituzte Erregeek. Horretarako, hauen bisita izan nahiez gero, eskaera egin beharko da kultura@zumaia.eus helbidera idatzita. Bihar eguerdia baino lehen eman beharko dira izenak. Egun horretan bertan Eguneko Zentroan, San Juan eta Otezuri egoitzetan ere bisitak egingo dituzte.

Kabalkadaren ibilbidea

Azken urteotan gertatu bezala, Errege Magoak itsasontziz helduko dira Zumaiara. 18:30ak aldera izango da, eta itsas kiroldegira bertaratuko dira. Behin lehorrean, karrozetara igo eta desfilea hasiko dute herriko kaleetan zehar. Patxita Etxezarretatik joanda Zubitxikia zeharkatuko dute eta Txomin Agirre kaia pasatuta, Pulpo parera helduko dira. Han buelta eman eta Erriberan barrena Beheko plazara helduko dira, jaiotza dagoen puntura. Amaieran, Zuloaga plazatik eta Zubitxikitik barrena, Etxezarreta kalera helduko dira eta handik itsas kiroldegi parera bueltatuko dira aurtengo desfilea amaitzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide