Neguan ere askotariko emanaldiak izango dira Aita Marin

Maria Maya Manterola 2023ko urtarrilaren 4a

Zuhaitz Gurrutxaga, 'FutbolisTOK' emanaldian.

2023ko lehen hiruhilekoan antzezlan, ikuskizun eta emanaldi ugari izango da, udalak jakinarazi duenez. Larunbatean izango da lehen emanaldia: Narcis@ ikuskizuna eskainiko du Borobil teatroak 9 eta 12 urte arteko haurrentzat. 

2023ko urtarriletik martxora artean askotariko kultur ekitaldiak izango dira Aita Mariko zine aretoan, ohiko zine programazioaz eta zine forum saioez gain. Urte berriarekin batera eman dute kultur programazioaren berri, eta bide batez, kulturaz gozatzera gonbidatu dituzte zumaiarrak. Opariak egiteko garaia izanik, gainera, antzezlanetarako sarrerak oparitzea ere aukera ederra dela ohartarazi du. 

Adin eta gustu guztietarako emanaldiak izango dira martxora bitarte. Helduei zuzendutakoen artean, Zuhaitz Gurrutxagaren FutbolisTOK bakarrizketa saioa izango da urtarrilaren 13an. Realeko jokalaria zeneko bizipenak kontatuko ditu, baita lehen mailako futbolari zenetik lehen pertsonan pairatzea tokatu zaion Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz jardun ere. Hala, nork bere buruaz barre egitea baino modu aproposagorik ez dagoela erakutsi nahi du Gurrutxagak. Algorri taldeak antolatutako ekitaldia da, eta sarrerak Turismo Bulegoan, Tximista tabernan, eta egunean bertan, Aita Mariko lehiatilan eskuratu ahal izango dira. 

Astebete beranduago, urtarrilaren 20an, berriz, TOTO antzezlana taularatuko du Hika Teatroak. Maik eta Joseluk Toto txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. Maitasunaren argilunez hitz egiten du oro har antzezlanak, bere handitasun osoan. 

Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek zuzenduriko Hondamendia emanaldiak Zumaian ere lur hartuko du. Artedrama eta Axut! taldeak sortutako antzezlanak dantza, musika, soinua eta irudia uztartzen ditu, Zaldibarko zabortegian gertaturikoaz aritzeko. 

Martxoan, bestalde, hilaren 3an, Yerma taularatuko du La Dramatica Errantek, euskaraz. Artista bilbotar ospetsua da protagonista; haren senarra, negozio gizon arrakastatsua; ahizpa, bizitzak harrapatutako emakumea; ama, alaba inoiz besarkatu ez zuen pertsona hori... Eta bere bikote ohia, haurrak izateko aukera galdua. Harreman horiek guztiak arakatuko ditu antzezlanak. 

Haurrentzako ere bai

Etxeko txikienak ere aintzat hartu ditu Udaleko Kultura Sailak. Haurrei zuzendua izango da, gainera, neguko programazioko lehen emanaldia. Larunbatean, Narcis@ antzezlana eskainiko du Borobil taldeak, 17:00etan. Peru 13 urteko mutil gaztearen esperientzia kontatzen du. Peruk lagun bakarra du, Maialen, harik eta gurasoek sakelako bat oparitzen dioten arte. Sare sozialak ezagutuko ditu, eta konturatuko da beste pertsona bat izan daitekeela. 

Urtarrilaren 15ean, berriz, Glu Glu taldeak Munduari bira 80 egunean lana eskainiko du. Familia antzerkia da, 3 eta 9 urte arteko haurrei zuzendua, eta elkarbizitzaren alde egiten duen abenturazko istorioa kontatzen du. Julio Verneren liburu entzutetsuan oinarritutako bertsio librea da. Bi saio egingo dituzte: bata goizean, eta bestea arratsaldean. 

Ekain pailazoa ere izango da Aita Marin. Ahoa bete hortz emanaldia eskainiko du Gure Zirkuko kideak. Adin guztietako haurrei zuzenduriko ikuskizun dibertigarri eta eroa ekarriko du Zumaiara. 

Inauterietan, urtero legez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna ere izango dela iragarri du dagoeneko udalak. 

Bestelako ikuskizunak

Antzerkia eta zinema bakarrik ez, bestelako ikuskizunak ere izango dira negu honetan Aita Marin. Igande honetan, urtarrilak 8, izango da lehen emanaldia. Izan ere, Goiko Gela taldeak gospel klasikoen bilduma aurkeztuko du Zumaian. Gospel kantak abesten dituzte euskaraz, eta lau bakarlarik eta beste hainbat musikarik osatzen dute taldea. Ikuskizun fresko eta dinamikoa ekarriko dute herrira. 

Lanku kultur zerbitzuen AMAraun ikuskizunak, berriz, martxoaren 17an lur hartuko du Zumaian. Kantua eta dantza uztartzen ditu, amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko. Istorio bat kontatuko dute, eta horretarako eskura dituzten lengoaia guztiak baliatu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa eta eszena.  

Sarrerak Internetez salgai

Emanaldi guztietarako sarrerak online eskura daitezke, sarrerakzumaia.eus atarian. Aurrez aurre, emanaldia baino lehenago Turismo Bulegoan eta emanaldia hasi aurretik aretoko leihatilan bertan erosi ahal izango dira. FutbolisTOK eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ekitaldietarako sarrerak salbu: Zuhaitz Gurrutxagaren emanaldirako Turismo Bulegoan, Tximista tabernan, eta egunean bertan, Aita Mariko lehiatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak; pailazoen ikuskizunerako, laster iragarriko dituzte sarrerak eskuratzeko moduak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide