Poloniak eta Suediak hartuko dute urtarrilaren 11tik aurrera Munduko eskubaloi txapelketa. Urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa prestatu ahal izateko Espainiako Nazioarteko Saria antolatu dute Benidormen (Herrialde Katalanak). Espainiako selekzioaz gain, Errumaniakoa, Bahraingoa eta Argentinakoa neurtuko dira egun hauetan.
Atzo jokatu zen lehen jardunaldia, eta Espainiako selekzioak 42-29 emaitzarekin irabazi zion Errumaniari. Nantes taldeko jokalari Kauldi Odriozolak bere maila ona erakutsi zuen beste behin ere. Bost gol sartu zituen, horietako bat penaltiz, eta partidako jokalari onena bezala aukeratu zuten neurketaren amaieran.
Gaur Bahrainen aurka jokatuko du Espainiako selekzioak sari honetako bigarren jardunaldian. Partida Teledeporte bidez emango da 19:00etatik aurrera. Bihar, berriz, 18:00etan hasita, Argentina izango du aurkari.
Behin Benidormen jokatzen ari diren saria bukatzean emango du Jordi Ribera hautatzaileak Poloniako eta Suediako munduko txapelketara eramango dituen jokalarien zerrenda. Han egotea izango du helburu eskubaloi jokalari zumaiarrak.