Urolako itsasadarraren babesa ez da gorabeheretatik libre egon. Hala, hainbat polemika eta zerrendatatik agertu eta desagertu ondoren, 2004an Urolako itsasadarra Europako Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrendan sartu zen, eta 2013. urteaz geroztik, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da. Horrek esan nahi du habitat naturalen eta haietako espezien eskakizun ekologikoei erantzuteko beharrezkoak diren kontserbazio neurriak hartu behar direla eta horren arduradunak tokiko gobernuak direla.
Aipatutako KBEn, Urola ibaia eta inguruko zenbait lursail sartuta daude, Errotaberriko edo Fabrikako zubian (Oikian) hasi eta bokalera arte. Guztira, 112 hektarea dauzka eta Zumaia eta Zestoako lurrak hartzen ditu (% 98 Zumaian). Jabegoari dagokionez, erdia baino gehiago itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa da, eta gainerako gehiena pribatua da.
Egia da itsasadarrak presio handia jasan duela eta haren azaleraren zati handi bat artifizializatu dela, baina interes handiko flora eta fauna ditu, eta babesgunearen kudeaketa planaren arabera, ekosistemak berreskuratzeko ahalmen handia du. Alde horretatik, aipatzekoa da oraindik ere padura funtzionala den lekuak dituela, eta interes komunitarioko habitatak mantentzen dituela. Bere duna sistema erdi naturala Gipuzkoan azalera handiena duena da, eta Euskal Herrian irauten duten habitat horien adibide bakanetako bat da.
Errioaren inguruan desagertzeko zorian dagoen landare bat antzeman da, beste sei zaurgarriak dira, eta zortzi bat landare arraroak edo interes berezikoak dira. Landareetatik, merezi du aipatzea Spartina maritima izeneko gramineoa Usurbiribilagako irletako batean egotea, espezie horrek euskal kostaldean duen kokapen bakarretakoa baita.
Babesgunearen deskribapena bukatzeko, bertan migrazioetan atseden hartzen duten hegaztiak aipatu behar dira. Kirol portuak Santiagotxikiko paduraren zatirik handiena bete zuenetik lokatz zelaietan ikus daitekeen hegazti kopuruak behea jo du, baina, oraindik ere, txorien joan-etorrietan, Zumaiakoa funtsezko lekua da euskal estuarioetan.
Itsasadarreko habitatak
Izendapenarekin lortu beharreko helburuak eta neurriak jasotzen duen txostenak 92/43 zuzentarauaren interes komunitarioko 14 habitat identifikatu ditu Urolako itsasadarrean. Lege testu horrek proposatutako sailkapena konplexua da, baina Urolako kasuan aipatutako habitatak lau kategoria nagusitan laburbil daitezke: batetik, estuarioa, kostako dunak eta zuhaiztiak; eta bestetik, belardi eta sastrakadien multzoa (natur gunean oso azalera txikia dutenez, garatuko ez ditugunak).
Estuarioa
Estuariokoa habitat konplexua eta aberatsa da. Han, ibaiaren ur geza eta mareak ekarritako ur gazia nahasten dira, eta talka horrek oso baldintza fisiko-kimiko zehatzak sortzen ditu. Besteak beste, korronteen dinamika eta suspentsioan dauden materialen sedimentazio abiadura aldatzen dituzte. Hala, uretako material finenak, hala nola, hareak eta lohiak, hondoan pilatzen dira, eta komunitate biologiko oso interesgarriei eusten diete.
Marearteko gune lohitsu eta hondartsuetan, krustazeoak eta molusku bibalbioak dira nagusi, eta ur lasai eta argitsuetan hazitako planktona dute elikagai. Alga eta uretako landareekin batera, ornogabe horiek dira arrain eta hegaztien gailurrean dituen kate trofiko aberatsaren oinarria.
Gorago, espeziek mareako ur gaziari aurre egiteko duten gaitasunaren arabera banatuta, paduretako landaredia azaltzen da: behean, gazitasun handiagoa jasateko gai direnak; eta goian, ur gaziarekin hain ondo moldatzen ez direnak.
Santiagoko dunak
Kantauriko bokaleetan, itsasadarraren eskuineko aldean hondartzak sortzea ez da kasualitatea. Coriolis efektua dela eta, korronteak ekialdera egiteko joera du, eta berekin batera eraman ohi ditu urak garraiatutako partikula txikiak. Gizakiak egindako kanalizazioek efektua areagotu dute, eta Urolaren kasuan, pilatutako hondar kopurua ikaragarria da.
Bada, han, hareatzaren atzealdean, lurzorua trinkotu eta itsasoaren ura heltzen ez den horretan, euskal kostaldetik ia desagertutako ekosistema bitxia azaltzen da Santiagon: kostaldeko dunak. Duna aipatzean, basamortuetako mendi itxurakoak datoz burura, eta halakoak daude Kantauriko beste bazter batzuetan; alabaina, gure kasuan, errioko estruktura artifizialak direla medio, soro nahiko lauak dira.
Hondartzetako habitat hura oso berezia da. Alde batetik, itsasoko kresalaren eragina nabarmena da eta eguzkiak gogor jo ohi du; bestetik, lurzorua ez da oso finkoa eta, gainera, ez da ura gordetzeko gai. Hortaz, lehortasuna eta ezegonkortasuna dira, batez ere, ekosistema hau zehazten duten baldintzak; dunan aurrealdetik atzealdera eginda aldatzen doazen ezaugarriak, bestalde.
Halatan, dunetako aurrealdean hondarra solte dago eta, Santiagon oso noizean behin, olatuek ur gazia bertaratzen dute. Inguru horretan gazitasunari eusteko gai diren landareak daude, sarritan ura gordetzeko gorputzean loditutako atalak dituztenak, eta habitat hauetatik kanpo bizi ez direnak; gorago, berriz, lurzorua sendoagoa da, materia organikoa metatzen du, eta horren ondorioz, umelagoa da. Horregatik, bertako landareak ere oso espezializatuak dira, baina haien artean itsasertzetik urrutiago bizi diren beste landareak ere agertu ohi dira.
Zuhaiztiak
Bukatzeko, KBEren zuhaiztiei erreparatuko diegu, baina horien azalera oso txikia dela esan behar da (babesguneren %7). Tipologiari dagokionez, artadiak eta erriberako basoak dira nagusi.
Artadiak gunearen iparraldeko zatian daude, eta Flores eta Artadiko mendietako itsasadar aldeko labarretakoak baino ez daude babesgunearen barnean. Baso mota horri buruz luze hitz egin genuen BALEIKEren 281. zenbakian, eta, hortaz, zenbaki honetan oin puntetan pasatuko gara haren zehar.
Erriberako basoak ibaien ondoan hasten dira, oso lur urtsuetan, eta sarritan, uholdeek hartutako guneetan, hain zuen. Horregatik, leku horietako landareek hezetasun handiari aurre egiteko sustrai-sistemak dituzte; hots, usteltzeko zailak diren zuztarrak. Hala, ertzetako lurzoruari eusten diote, eta higadura saihestu; itzala ematen dute, eta uraren tenperatura kontrolatzen dute.
Euskal Herriko ipar isurialdean haltza da baso horietako zuhaitz nabarmenena, baina toki gehienetan habitat hori oso andeatuta dago. Maiz, Urolako itsasadarrean kasu, belardiak eta baratzeak ibaiertzeraino zabaldu dira, eta espezie arrotzak –platanoak eta makalak– landatu ohi dira.
Kontserbazio egoera
Euskal Herriko agintaritzaren aldizkariak argitaratutako Urolako KBEren kontserbazio neurriak jasotzen dituen txostenaren arabera, babesgunearen habitat gehienak egoera desegokian edo txarrean daude; eta paduretako sastrakadi halofiloak eta artadiak baino ez daude modu egokian mantenduta.
Datorren urtean izendapenaren 10. urteurrena beteko da, eta epeotan egoera hobetzeko egindako lanak oso apalak dira: dunetan hesiak jarri dira, espezie inbaditzaileak kendu dira eta landaketaren bat egin da Santiagon edo Gorostiagan. Eta ez da izan proposamenik egon ez delako; izan ere, azken hamarkadetan ugari izan dira erakunde publikoek mahai gainean jarritako proiektuak. Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, Estatuko gobernuak... gutxienez dozena erdi bat egitasmo proposatu dira, baina, tamalez, bat bera ere ez da gauzatu.
Klima aldaketaren mehatxuak asko dira, eta ezaguna da itsasadarreko ekosistemak onuragarriak izan daitezkeela haiek leuntzeko. Beraz, badirudi garaia dela desadostasunak eta planteamendu partikularrak alde batera utzi eta habitat horiek leheneratzeko elkarlanean aritzeko. Denon –gizakion eta naturaren– mesederako izango da.